Kobazuloen XV. Eguna ospatuko dute asteburuan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mar. 14a, 11:39

'Espeleotxiki' ekintza, Arrikrutzen. (Argazkia: GOIENA).

Lurpea elkarteak antolatuta, Euskal Herriko zortzi kobazulotan sarrerak erdi-prezioan jarriko dituzte eta bestelako zozketak egingo dituzte –tartean, Arrikrutzen–; txikienendako Espeleotxiki eta Ilunpeko altxorrak ekintzak antolatu dituzte.

Kobazuloen XV. Eguna ospatuko dute asteburu honetan, Lurpea elkarteak antolatuta, eta, horrenbestez, egun horietan, Arrikrutzeko sarrerak erdi-prezioan egongo dira salgai. Lurpea elkartea 2008an sortu zen, eta, Oñatiko kobez gain, Ekianberrik, Isturitz-Oxozelhaya harpeek, Mendukiloko kobek, Pozalaguako kobazuloek, Sarako leizeek, Zugarramurdiko leizeek eta Urdazubiko leizeek osatzen dute. Sarreren prezioaren deskontuarekin batera, hainbat zozketa egingo dituzte bisitarien artean; tartean, asteburu bateko egonaldiaren zozketa, kobazuloetarako sarrerena eta produktuen saski batena.

Bihar, Espeleotxiki-n –sei urtetik aurrera, gazteleraz–, etxeko txikiek espeleologoek bezala kobak ezagutuko dituzte, 10:30ean, eta 15:00etarako Ilunpeko altxorrak antolatu dute, Arrikrutzeko animaliak aurkitzeko –3 urtetik aurrera, euskaraz–.

Halaber, ohiko ibilbideaz gain, bisita irisgarrietan Arrikrutz-Oñatiko koba 360º jardueran teknologiaren bidez kobazuloan murgiltzeko aukera egongo da, Arrikrutz 53 eta Marcel Loubens galerietako eta Aldaola errekako ikuspegiekin.

Urteen balorazio "positiboa"

Dagoeneko hamabosgarren edizioa da, eta egunaren helburuak dira herritarrei ahalik eta gehien gerturatzea kobazuloetan egiten dituzten jarduerak, eta kobazulo bakoitzaren balioak, Arrikrutz kobazuloko gidari Leire Garairen esanetan: " Egunerokotasunean, bakoitzak bere dinamika dauka, baina denok batzen garenean eta asteburu bat jartzen dugunean gure eguna balitz bezala, denon indarrak batzen ditugu eta iristen gara koba bakoitza bere alderditik iritsiko ez litzatekeen alde batera".

Aurreko hamalau urteetako balorazio positiboa egin du Garaik, martxoan ezartzen baitute Leizeen Eguna, "urte berriari hasiera emateko", eskaintza berezia eginda. "Halako ekitaldi xume batekin beti ikusten duzu jende berria iristen dela, jendeak eskaintzaren jakin-mina duela. Gerturatzen gara, agian, gugana iritsiko ez litzatekeen horretara".

Urtean 17.000 bisitari jasotzen dituela azaldu du Arrikrutzeko gidariak, eta horietatik ia laurdena hezkuntza-taldeak direla. Hala, Aloña Mendi Espeleologia Elkarteko kide Santi Ugartek aurreratu du Arrikrutz eta Gesaltzako kobekin harremanetan dagoen leize bat aurkitu dutela: "Ugaztiko baserritar batek eman zigun haren berri. Izkina batean topatu dugu; 12 metro ditu beherantz, eta 4 metroko diametroa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak