Inauteriek urtero janzten dute herria; kuadrillak mozorrotu egiten dira eta urteroko dantzariek eta pertsonaiek ere girotzen dituzte herriko kaleak. Halere, Inauterietako asteburuaz gozatzen duen talde bat badago, hori eskaladako neska-mutilena da.
Ia 20 urtez elkartzen
Iñigo Agirre da urtetik urtera mozorrotu eta Inauterietako topaketan parte hartzen duen eskalatzaileetako bat. Hark dioenez, 2006. urtetik egiten dute Inauterietako txapelketa. "Kiroldegi zaharreko boulder zaharrean" hasi zen, hain justu, eta aurten 45 eskalatzailek hartu dute parte; inoizko kopuru handiena. Txapelketa hain da garrantzitsua eskalatzaileentzat, non badauden "urtean zehar boulderrera gutxitan joan baina Inauterietako ekimenera hutsik egiten ez duten eskalatzaileak", Agirrek dioenez.
Aire librean ere bai
Oñatiko kiroldegia eraberritzearekin batera, rokodromoa handitu egin zuten; hein batean, negu partean batzen den jende kopuruari erantzuteko. Hala ere, giro ona bada "kanpora ateratzea" gustuko dutela dio Agirrek, eta Araotz aldera eta Euskal Herriko beste hainbat txokotara joaten dira asteburuetan, "aire librean eskalatzea ere gustuko" dutelako. Are gehiago, Aste Santuko, Gabonetako eta bestelako opor sasoietan "Euskal Herritik irten eta Frantziara, Kataluniara eta Espainiako tokiren batera" joateko ohitura ere badutela onartu du oñatiarrak. Gainera, "gero eta gehiago" direla adierazi du, eskalada "indarra hartzen" ari den kirol bat den seinale.
Eskalada eskola, "osasuntsu"
Astean zehar rokodromoan egoten diren neska-mutiletako asko dira paretak igotzen hasi berri direnak; hain zuzen, eskalada eskolako ikasleak. Agirre da bertako irakaslea, eta, hark dioenez, "urtetik urtera handitzen ari da kopurua". Aurten, sekula baino ikasle gehiago daude eskolan; guztira, 65 neska-mutil. Kopuru horrek eskalada "osasuntsu" dagoela erakusten du, oñatiarraren ustetan: "15 urte pasa daramatzat eskalatzen, eta, ordutik, urtero oso aktibo egon garela esango nuke, bai herritik kanpoko irteerak egiten, baita herriko txokoetara joaten ere. Betiko ohitura horri eutsi egin behar zaio. Kiroldegira ere joaten gara, eta eskalada eskolakoak ere egoten dira. Ausartuko nintzateke esatera boulderra handitu egin zen arren berriro ere txiki gelditzen ari zaigula".