"Etorkizuneko banda bermatzeko", denboraldiko hurrengo hiru kontzertuak iragarri dituzte

Julen Murua Mesonero 2025ko mar. 11a, 16:11

Goitik behera eta ezkerretik eskuinera; Lide Osinaga, Arantxa Iturrioz, Arantzazu Bikuña, Aitor Biain-Bidarte eta Iñigo Ugarte.

Oñatiko Musika Bandaren denboraldiko laugarren, bosgarren eta seigarren kontzertuen berri eman dute. Beste behin, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean egingo dituzten kontzertuak izango dira, "etorkizuneko banda bermatzeko", Oñatiko bandako zuzendari Aitor Bian-Bidartek adierazi duenez.

Denboraldiko laugarren emanaldia, Ukitu musika izenpean, kontzertu pedagogiko bat izango da. Martxoaren 16an egingo da, Zubikoako frontoian (13:00), eta Oñatiko Musika Bandak eta Musika Eskolak elkarlanean sortutako emanaldi bat izango da. Kontzertuak bi zati izango ditu: alde batetik, Hamelingo txirularia ipuineko kantuak joko dituzte; eta, bestetik, bingo musikala egingo dute, non bandako laguntzaile batzuekin batera, haur eta familiek entzuten diren abestiak identifikatu beharko dituzte, eta bakoitzaren kartoian egiaztatu beharko dute abesti horiek dituzten ala ez.

Horrez gain, eta urtetik urtera Musika Eskolan ikasle berriak daudela kontuan hartuta, ikasle berriek banda barrutik ezagutzeko aukera izango dutela adierazi du Biain-Bidartek: "Banda barrutik ezagutzea aberasgarria izango da eurentzat, ikusteko zer instrumentu dauden, zenbat, banda barruan zer egiten den ikusteko... Aurten ere aukera hori eskainiko diegu 30 ikasleri".

'Far West' eta 'Mugitu pop-rock'

Urtero bezala, denboraldiko bosgarrena kontzertuak familian programakoa izango da. Far West izenpean, zinema-generoko soinu-banda enblematikoenekin eta beste obra batzuekin osatutako errepertorioa osatuko dute. Kontzertua apirilaren 13an izango da, Zubikoako frontoian, 13:00etan hasita. Azkenik, seigarren kontzertuan, Mugitu pop-rock izenez deitua, Aloña Mendiko Gimnasia Erritmikako ikasleek hartuko dute parte; izan ere, zuzeneko musikari koreografia bat gehituko diete. Ekainaren 8an izango da kontzertua, 13:00etan hasita, Zubikoako frontoian.

Sarrerak, Txokolateixan

Ukitu musika kontzerturako sarrerak Txokolateixan edo www.oñati.eus atarian eskura daitezke 3 eurotan. Far West eta Mugitu pop-rock emanaldietako gonbidapenak Txokolateixan egongo dira eskuragarri emanaldiak baino 15 egun lehenago. Musika bandatik eskatu dute "kontzertua ondo joan dadin, frontoira denboraz gerturatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak