Txirrindularien harrobi handia izaten jarraitzen du Aloña Mendik

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko mar. 8a, 16:23

Aloña Mendiko txirrindularitza elkarteak aurtengo denboraldiko txirrindularien aurkezpena egin du eguerdian Oñatiko Santic Spiritus unibertsitatearen aurrean: 45 txirrindulari ibiliko dira errepidean aurten. Oñatin, bost lasterketa egingo dituzte.

Aloña Mendiko txirrindularitza elkarteak gaur, zapatua, aurkeztu ditu aurtengo denboraldiko lasterketetan parte hartu duten txirrindulariak. Guztira 45 txirrindulari lehiatuko dira kategoria ezberdinetako lasterketan eta Aitor Atorrasagasti, elkarteko presidentea, pozik agertu da taldearen osasuna "ona" delako: "Osasun ona du taldeak, gero eta harrobi handiagoa eta oso pozik daude".

Aurten dituzten erronkei buruz, Atorrasagastik esan du Aloña Mendi ez dela helburu jakinak jartzen duen talde bat, "neska-mutikoak gustura ibiltzea" dela, halaber, taldearen helburu nagusia. "Gaztetxoak gustura ibiltzea da helburu printzipalena eta hori ari gara lortzen. Ez gara emaitza bila ateratzen den talde bat, onak badira pozten gara, baina ez da helburua –aurreko astean Xabat Irizarrek bigarren egin zuen–. Pozten gaitu gaztetxoak nola ikasteen duten bizikletan ibiltzen, eta lehen urteetan sufritzen duten arren, lana eginda eta burugogorrak izanda emaitzak lortzen dituztela beraiek ikustea".

Txirrindularien aurkezpen ekitaldian bertan, oroigarri bana eman zieten babesleei, Egaralurri eta Magdalena Gasolindegiari, hain zuzen ere.

45 Aloña Mendik eta herriko lau kanpoko taldetan

Guztira 32 txirrindulari izango ditu Aloña Mendik denboraldi honetan. Eskolarteko kategoriakoek, gainera, Bizipoz mallotarekin lehiatuko direnaK, diseinu berriko maillotak estreinatuko dituzte. 

Baina herriko beste txirrindulari batzuk ere ibiliko dira errepideetan beste talde batzuetako mallotak jantzita:

  • Eskolartekotan: 32  (benjaminak 10, alebinak 12, eta infantilak 10)
  • Katede mailan: 7
  • Junior mailan: 6
  • Kanpoko taldetan daude: nesketan, kadetetan Ane Atorrasagasti eta juniorretan Izar Ezkibel, biak Lokatzako Igamo Packaging taldean. Eta 23 urte azpikotan, Aimar Erostarbe eta Aimar Madina, biak Caja Rural taldean.

Ziklokroseko balorazioari buruz, oso denboraldi ona egin dutela aitortu du Atorrasagastik. "Oso ondo ibili dira, Euskal Herrian zein kanpoan. Gainera, esan genien fundamenduz eta gogoz ibiliz gero mundu kopako lasterketa ikustera joango ginela Benidormera, eta joan ginen".

 

Denboraldia lasaia izateko desioa

Azken urteetako gorabeherak kontutan hartuta aurtengo denboraldia nolakoa datorren galdetuta, lasaia izatea espero duela adierazi du Atorrasagastik: "Lehen lasterketetan ez da zailtasunik egon, Aldundiak eta Jaurlaritzak agindutakoa betetzen ari dira baina badaude ixteko dauden puntuak, ekonomikoki zein segurtasun aldetik. Dena lotzen denean, urte askotarako izango dugu lasaitasuna, nire ustez. Orain, adibidez, Nafarroan ari dira gu hasi ginen arazo berdinekin".

Oñatin, denboraldi honetan bost lasterketa egingo dituzte:

  • Eskolarrak: Martxoak 8
  • Kadeteak: Ekainak 15, Olakua proba. Gizpuzkoako txapelketa
  • Juniorrak: Ekainak 7, Arantzazura igoera; eta irailak 6, Gari Bañosen memoriala
  • Afizionatuak: Irailak 13, Oñati proba

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak