Non jaio zinen?
Tulkarmen jaio nintzen, Zisjordanian. Israelekin muga egiten duen hiri bat da, eta han palestinarrok ez geneukan ezertarako eskubiderik. Nire etxetik itsasoa ikusten nuen, baina ezin nintzen hondartzara joan, israeldarrena zelako. Hala ere, ni han, nire familiarekin, beste inon baino hobeto nengoen. Juduek, ordea, dena eurentzako nahi dute. Eta lurra bereganatzeko 1.000 palestinar hil behar badituzte, ez die ardura.
Nola bizi zinen han?
Ondo bizi gara han. Lana badaukagu, baita soldata onak ere. Daukagun arazo bakarra gerra da. Etxe bat egin dezaket nik, daukadan diru guztia jarri etxe horretan; eta israeldarrek goizetik gauera etxea bota diezadakete, inongo ondoriorik izan gabe.
Nola bizi izan duzu gerra?
Nire familia ez dago ondo. Amak gaixotasun larri bat du, eta ezin du botikarik erosi. Nik hemendik dirua bidali arren ere, ezin dute diru hori erabili, bankuak itxita daudelako, eta, gainera, bidalitako diruaren %40 bereganatzen dute israeldarrek.
Errefuxiatu politiko gisa etorri zinen 2016an.
Bai. 2006an, Palestinako Gobernuko bi indar nagusiak ziren Hamas-en eta Fatah-ren artean borroka piztu zen. Derrigortu egin gintuzten herritarrok baten edo bestearen alde jartzera. Arazoak hasi ziren orduan; jende asko hiltzen zuten bata edo bestea ez aukeratzeagatik.
Ni unibertsitatera sartu nintzen 2010ean, Kontabilitatea ikasi nuen, eta lanean hasi nintzen. Hala ere, derrigortu egin nahi ninduten talde batean edo bestean sartzera. Arazo asko izan nituen, eta ihes egin behar izan nuen; bestela, kartzelara sartuko ninduten. Mehatxatuta nengoen, eta nik ez nuen ezer egin. Egin nuen gauza bakarra izan zen alde bat edo bestea ez aukeratzea. Nire etxe propioa neukan han, familia... eta dena atzean utzi behar izan nuen.
Nola irten zinen Palestinatik?
5.000 euro inguru ordaindu behar izan nituen hona etortzeko, bisa egin ziezadaten, legalki etortzeko. Kanadara joatea zen nire asmoa, baina, azkenean, hemen geratu nintzen.
Zer egin zenuen hona iritsitakoan?
Asiloa eskatu nuen, eta, Madrilera heldu nintzenean, Gurutze Gorrikoek Eibarrera bidali ninduten. Han egoteko aukera eskaini zidaten zortzi hilabetez, baina gero ezin nuen bertan jarraitu.
Nolakoa izan zen egonaldia Gurutze Gorriko zentroan?
Arrazismo handia bizi izan nuen. Beste maila bateko pertsona bat izango banintz bezala tratatzen ninduten. Pertsona zuri bati, esaterako, goxo hitz egiten zioten, eta asko laguntzen zioten. Ni bezalakoekin, ordea, ez zen horrela. Ukrainarrei, adibidez, gehiago lagundu diete.
Gurutze Gorritik irten zinenean zer egin zenuen?
Nire familiak dirua bidaltzen zidan hilero, gela bat alokatu eta bizitza aurrera atera ahal izateko. Logela bat alokatu ahal izan nuen, diruarekin, Tolosan; beste lagun batekin bizi nintzen logela hartan. Tabernetan hasi nintzen lanean, terraza kanpora ateratzen. Egunean 30 euro ordaintzen zizkidaten hainbat tabernaren artean. Goizean goiz ateratzen nituen, eta gauerdiaren bueltan joaten nintzen berriro garbitu eta mahaiak sartzera. Gero, Oñatira etorri nintzen lanera, eta Natran hasi nintzen; hiru hilabetez ibili nintzen. Eta gero, galdarategi batean hasi nintzen lanean; sei urte daramatzat bertan.
Arazoak izan zenituen paperekin?
Ez, errefuxiatu gisa etorri nintzelako; erresidentzia eman zidaten. Orain, Palestinako nazionalitatea daukat, eta hemengoa tramitatzen nabil. Izan ere, palestinarren nazionalitatea orain ez da existitzen, aitortu gabeko estatua delako. Bidaia-titulu bat ematen dizute, ez nazionalitatea. Zaila da ateratzea, juduekin zita eskatu behar delako. Haiek agintzen dute. Hemen, Madrilen dauka kontsulatua Palestinak, baina ez dauka ezer egiteko eskubiderik. Alaba txiki bat daukat, eta paperik gabe egon behar izan zuen lehenengo lau hilabeteetan. Ez dauka Palestinako pasaportea ateratzeko eskubiderik, ez eta hemengoa ateratzeko aukerarik ere. Umeari ez diote nazionalitaterik ematen, aita palestinarra eta ama marokoarra duelako. Hasieran ez nuen ezer ulertzen; leku batetik bestera bidaltzen ninduten zerbitzu sozialetakoek eta administrazioetakoek. Inork ez zidan ezer azaltzen.
Nola ohitu zara hemengo bizimodura?
Hona heldu nintzenean, pertsona latinoamerikarrekin harreman handia egin nuen, eta gehiago batzen nintzen beste etorkin batzuekin: afrikarrak, marokoarrak... Euskaldunek ez ninduten beste bat gehiago bezala onartzen. Nazkaz begiratzen digute, amorruz. Hala ere, ulertzen dut deskonfiantza izatea. Ez daukat lagun euskaldunik. Ezagunak bai, baina lagunak ez. Eta ez dut uste inoiz lagun euskaldunik izatea lortuko dudanik, ez naizelako hemen jaio.
Arrazismoa bizi izan duzu?
Bai, leku guztietan. Esaterako, hiru urte daramatzat Oñati inguruan pisu bila. Alokatzeko dagoen pisu bat ikusteko deitzen badut, hitz egiteko moduagatik ikusten dute etorkina naizela, eta ez didate alokatu nahi izaten. Emaztea eta alaba txiki bat dauzkat, eta ez dakit non biziko garen. Orain bizi garen etxea oso egoera txarrean dago, hezetasunekin, eta paretak erortzen ari dira. Eta ez dut beste alokairurik aurkitzen. Etxejabeari eskatzen badiot hezetasunak konpontzeko, esaten dit ez badut gustuko beste maizter bat topatuko duela.
Beraz, uste duzu bazterkeria dagoela etorkinekiko?
Arrazakeria handia dagoela uste dut. Esaten da ez dagoela, baina bai, badago; guk asko bizi dugu. Eta klasismoa ere badago. Pobrea zarela ikusten dutenean, galdetzen dizute ea nongoa zaren. Beste arraza batekoa izan arren dirua daukazula ikusten bada, ordea, "kaixo, zer moduz?" esaten dizute. Nire inguruan asko ikusten dut hori.
Zer asmo daukazu etorkizunean?
Hemendik irten nahi dut. Palestinara bueltatu nahiko nuke, baina orain ezin dut. Beraz, beste leku bat aurkitu nahi dut bizitzeko. Hemen burokrazia oso konplexua da, baita garestia ere. Urtebete baino gehiago daramagu umearentzako eta nire bikotekidearentzat erresidentzia-paperak egiten, eta nire nazionalitatea tramitatzen. Eta ezin naiz zentratu lanean, ezta familian edo lagunekin ere. Era berean, Palestinan dudan familiari adi nago, gerra dela eta. Kezkatuta eta oso nekatuta nago.
Euskal Herria: arrazismoa, baina baita jende atsegina ere
"Gustuko dut euskal kultura, eta hemen dagoen bizitzeko modua ere bai", dio Walwilek. Arrazismoa dagoela salatu du, baina, hala ere, Euskal Herrian pertsona atseginak aurkitu dituela dio. Lanean, esaterako, ondo hartu dute: "Sei urte daramatzat bertan lanean, eta asko lagundu didate. Familiakoa banintz bezala hartu naute".