Hilaren 7ra arte, egubakoitzera arte, luzatu dute Hika ikastaroan izena emateko epea. Oraindik ez da taldea osatu eta behar den gutxieneko kopurua aste honetan lortzen ez bada, ikastaroa bertan behera geldituko da.
Oñatiko Udalako euskara zerbitzuak antolatu du ikastaroa, Ingo Xonau! egitasmoko eta udal euskaltegiko kideekin elkarlanean, eta, aurrekoetan moduan, Beatriz Irizar izango da irakaslea. Mistoa izango da eta toka eta noka, biak, ikasteko aukera egongo da, jolasen bidez eta oso modu praktikoan. Ikastaroa astelehenetan izango da 18:00etatik 20:00etara, Eltzian, eta zortzi saio egingo dituzte.