Gazte gara gazte

Mikel Aramendia: "Gymbro'-a ez, mihia lantzen duen horietakoa naiz"

Julen Murua Mesonero 2025ko ots. 28a, 13:00

Mikel Aramendia Iturralde, Oñatiko kiroldegiko gimnasioan.

Gorputz- eta Kirol-jardueren Animazioko Teknikari (TAFYD) gradua ikasi ostean, Mikel Aramendia Iturralde (Oñati, 1998) Huescara joan zen, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua ikastera. Kirolari lotuta egon da betidanik; futbolean eta pilotan ibilitakoa da. Egun, Athlonen dihardu lanean. Eibarko futbol taldearen eta Unai Laso pilotariaren zalea ere bada, baina bien artean bakarra aukeratu beharko balu, talde armagina aukeratuko luke.

Zergatik joan zinen Huescaraino?

Areto futboleko txapelketa batean belauneko lesioa izan nuen; triada delakoa, hain justu. Horrek eraginda, ezin izan nituen Gasteizen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko proba fisikoak egin. Huescan ez nituen proba horiek egin behar, eta horregatik joan nintzen hara. Esperientzia polita izan zen; ez bereziki mendia gustuko dudalako, hango giroagatik baizik.

Gimnasioan diharduzu, monitore; gymbro asko dago [bizitzako zati handi bat gimnasioan igarotzen duen pertsona]?

Batzuk badaude, bai; gero eta gehiago. Interneten sarritan ageri dira gorputz mota horren alde egiten dutenak, eta batzuek erreferente moduan hartzen dituzte. Ni ez naiz gorputz mota horien aldekoa, nahiago dut denetik gehiago egin eta beste atal batzuk ere lantzea. Hala ere, errespetatu egin behar da jendeak ikuspuntu hori defendatzea.

Zu ere horietakoa zara ala mihia lantzen duenetakoa?

Askok badakite berriketa egitea gustuko dudala; horrenbestez, esango nuke giharrak baino gehiago, mihia lantzen dudala gimnasioan; kar-kar. Hala ere, badut astean hiru aldiz gimnasiora joan eta indar ariketak egiteko ohitura. Lehen ez nintzen oso zalea, baina errutina bat hartu nuenetik gustura joaten naiz kirola egitera eta jendearekin egotera.

Jon Bautista eta Unai Laso: baduzu euren ezaugarriren bat?

Zoritxarrez, ez daukat euren ezaugarririk. Laso nahiko geldigorra iruditzen zait, eta uste dut ni ere halakoa naizela, oso nerbiosoa, akaso hiperaktiboa ere bai; hori izango litzateke antzekotasun bakarra.

Eibarzale amorratua ere bazara; Alcorconen negar egin zenuen [azken minutuko gol batek igoera zapuztu zion Eibarri 2022an]?

Duela hamar bat urtetik jarraitzen dut Eibar, eta Alcorconeko egunean ere han izan nintzen. Negarrik ez nuen egin, baina kolpe handia izan zen. Esan daiteke ahaztuta ez dagoela, baina gaindituta bai; kar-kar. Harrezkero, futbola lasaiago bizi dudala uste dut. Halere, ahal dudan guztietan Ipuruara joaten naiz partiduak ikustera, eta, batzuetan, taupadak behar baino gehiago igotzen zaizkidala ere igartzen dut; kar-kar.

 

MOTZEAN

Pilotari gustukoenak. Unai Laso eta Aimar Olaizola.

Modalitate bat. Buruz burukoa.

Gantxoa ala dejada? Dejada.

Eibar Lehen Mailara ala Unai Lasok Lau eta Erdikoa? Eibar Lehen Mailara.

Bidaiatzeko toki bat. Hego Amerikara joan nahi dut.

Mendia ala hondartza? Hondartza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak