Bertsuxurla sariketako finalean izango da Lide Arregi

Gontzal Belategi Zubia 2025ko ots. 27a, 15:57

Bigarren kanporaketako bertsolariak, tartean, Lide Arregi -beheko ilaran lehena- eta Sabin Abarrategi -goiko ilaran bigarrena-. Argazkia: Bertsozale elkartea.

Bihar, egubakoitza, izango da Bertsuxurla sariketako finala, Hazparneko Xuriatea ostatuan, 19:00etan. Lide Arregi oñatiarrak kantatuko du bertan. 

Herrialde ezberdinetako bertsolari gazteei bertsotan aritzeko plazak eskaintzeko helburuz, Ipar Euskal Herrian antolatzen den sariketa da Bertsuxurla. Osotara, 12 bertsolarik hartu dute parte aurtengo edizioan, tartean hiru debagoiendar: Danel Herrarte eta Sabin Abarrategi aramaioarrak eta Lide Arregi oñatiarrak. Azken honek bihar, egubakoitza, 19:00etan Hazparneko Xuriatea ostatuan jokatuko den finalean kantatuko du.

Binaka jokatzen den sariketa da Bertsuxurla. Oñatiarrak Kattin Madariaga arantzarrarekin batera osatuko du bikotea finalean. Aurrean Irantzu Idoate hazparnetarrak eta Araitz Katarain mallabiarrak osatutako bikotea izango dute.

Esperientzia polita

Bertsuxurlan kantatzea oso esperientzia polita izan dela adierazi du Arregik. Otsailaren 14an izan zuen kanporaketa eta saioko giroa nabarmendu nahi izan du: "Oso ondo joan zen, giro polita zegoen. Baionako Epaiska elkartean izan zen eta bertako komunitatearen babesarekin giro ezin hobea sortu zen". Saioa bera ere txukun joan zela dio oñatiarrak: "Hasieran zortziko txiki eta zortziko handi bat egin genituen eta ostean zenbait jolas. Oso saio polita izan zen nire ustetan. Irabazleak publikoari banatutako koloretako fitxa batzuen bidez erabaki ziren".

Etxahun Azkarraga etxalartarrarekin osatu zuen taldea Arregik. Josu Txoperena-Haizea Telleria bikoteak eskuratu zuen garaipena kanporaketan, baina, hauek ezin zirenez finalera bertaratu, antolatzaileek saio ona egin zuten bi bertsolarirekin talde berri bat osatzea erabaki zuten, tartean, Arregi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak