Aizkoran, Binakako Txapelketako finalerako txartela lortu dute Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Jon Rekondok, Aitzol Atutxa eta Eneko Otaño aizkolari beteranoak baino azkarragoak izan dira-eta egin dituzten proba guztiak kontuan hartuta. Finalean, Iker Vicente-Eneko Saralegi bikotearen aurka arituko dira Txikia IV eta Rekondo.
Emakumezkoen aizkora txapelketan, finalerako bi txartel egon dira jokoan gaur, Oñatin, eta onenak Karmele Gisasola eta Usoa Ansorregi izan dira. Finaletik kanpo gelditu dira Oihana Fernandez, Malen Barrenetxea, Nerea Sorondo eta Oñatin bizi den baina Zeanurikoa den Irati Astondo.
19 urtez azpiko aizkora txapelketan, nor baino nor gehiago aritu dira Kimetz Altzola eta Unai Etxeberria Osinalde, eta finalerako txartela Altzolak eskuratu du gutxigatik. Beste finalerdian, Oier Mitxelena eta Beñat Zenoziain aritu dira lehian, eta finalerako sailkatzea Mitxelenarendako izan da.
23 urtez azpiko aizkora txapelketan, Mikel Erdozia eta Jon Goikoetxea aritu dira lehian, eta Erdozia sailkatu da finalerako. Beste finalerdian, Jokin Larrieta Ibon Pikabea baino azkarragoa izan da, eta Larrieta arabarra finalean izango da.
Harri-jasotzaileei –harri txikiak– dagokionez, finalerako txartela eskuratu du Oñatin Beñat Telleriak 5.342 kilo altxatu ostean, harri ezberdinekin egindako lan-saioan. Telleriak lesioa izan zuen duela bi urte Oñatiko plaza berean eta finaletik kanpo gelditu behar izan zuen. Gaurkoan, Oskar Aguas errioxarra baino gehiago izan da Beñat Telleria.
Harri ertain-handiekin Jon Unanue Goenatxo aritu da, erakustaldia eskaintzen.
Emakumezkoen harri-jasotzeari dagokionez, Ane Zestau, Zihara Zabala eta Estefania Etxebeste aritu dira Oñatin, eta Etxebeste izan da altxaldi gehien lortu dituena.