Dejabu Konpainiaren eskutik, Itzulera antzezlana egongo da ikusgai domekan, 19:00etan, Santa Ana antzokian. Sarrerak Onatikultura atarian daude eskuragarri, 10 eurotan.
Esperientzia "errepikaezin" gisa deskribatzen du konpainiak Itzulera antzezlana, eta Urko Redondo aktoreak baieztatu egin du hori: "Arte bizi guztiak dira errepikaezinak, eta publikoak egiten du hori posible. Kasu honetan, guk apustu bat ere egin dugu, zerbait berezia sortu nahian, publikoak are eta parte-hartze handiagoa izan dezan, hain zuzen".
Zinema eta antzerkia
Konpainia bateko hiru kideek dokumental bat grabatzeko asmotan Mexikora eginiko bidaia kontatzen du antzezlanak. Errealki zinematik ere badu antzezlanak, David Aguilar zinemagileari esker: "Gogoa genuen antzezlan berrian bideogintza txertatzeko, baina modu sakonean. David lagun min dugu, eta, ikerketa askoren ostean, antzerkia eta zuzeneko zinemagintza uztartzen ibili gara".