Eszenatoki gainean da berriro ere Sukena

Gontzal Belategi Zubia 2025ko ots. 21a, 13:15

Sukena osatzen duten sei taldekideak. Argazkia: Magu.

Sei hilabeteko geldialdiaren ostean, Durangoko 40 Minutu Rock jaialdian itzuli ziren oñatiarrak eszenatokietara. beste bost kontzertu ere iragarri dituzte, martxoan eta apirilean izango direnak. kontzertuez gain, sormen-lanean murgilduta daude  

Euskal Herri osoan hainbat kontzertu jo ostean, uztailean geldialdia egin zuten Sukenako kideek. "Taldearen egoeraren ondorioz" hartutako erabakia izan zela azaldu du taldeko partaide Eider Herraezek, taldekide batek kanpora joan behar zuelako eta bestelako lanak zituztelako. Denbora honetan eszenatokietatik aldenduta egon diren arren, etengabe lanean egon direla esan du Herraezek: "Ez gara geldirik egon; lanean jarraitu dugu, entseguak eginaz, erabakiak hartuz eta bilerak eginez".

Egindako lan horren guztiorren fruituak urtarrilean argitaratutako Ahots hura abestian eta haren bideoklipean geratu ziren ikusgai: "Ahots hura bideokliparen inguruan jasotako erantzunarekin benetan oso pozik gaude. Grabaketa egunetan egon ziren momentu intentsuek lanaren garrantzia eta dedikazioa areagotzen zuten".

Bira berria

Aurreko astean eman zuten amaitutzat geldialdia, eta uztaila ezkero lehenengoz igo ziren oholtza gainera, Durangon ospatu zen 40 Minutu Rock jaialdian. Itzulerarako gogotsu zeudela aitortu du Sukenako kideak: "Azken hilabeteetan itzulera hura prestatzen aritu gara".

Bira berriko lehen kontzertua izan zen Durangokoa, baina beste bost kontzertu izango dituzte martxoan eta apirilean: martxoaren 6an, Gasteizen; 7an, Donostian; 13an, Arrasaten; apirilaren 4an, Bilbon; eta 13an, Berriozarren. Kontzertuak testuinguru oso ezberdinetan joko dituztela jakitun, taldea askotariko publikoetara moldatu daitekeela aipatu du Herraezek: "Sukena toki eta publiko ezberdinetara egokitzeko modukoa da, haren musikak aniztasuna eta hurbiltasuna uztartzen dituelako".

Etorkizunera begira jarrita

Oraina bizitzeaz gain, etorkizunera begira ere badaude taldekideak: "Gaur egun, sorkuntza prozesuan murgilduta gaude". Disko bat ateratzea dute buruan, baina horrek eskatzen duen aurretiazko lanean murgilduta daude: "Disko berri bat ateratzea gustatuko litzaiguke, baina, horretarako, gauza berriak probatzen eta esperimentatzen ari gara, eta, aldi berean, guretzat egokien den bidea aurkitzen saiatzen".

Giro ona nagusi

Taldekideen arteko giroa nabarmendu du Herrezek: "Taldekideok elkar gehiago ikusten dugu familia baino; ia egunero biltzen gara entseguak egiteko, erabakiak hartzeko eta etorriko diren erronkei aurre egiteko. Azken hilabeteak intentsuak izan dira, entsegu ordu ugari eta urduritasuna tarteko. Hala ere, taldeko giroa bikaina izan da, eta elkarri babesa eta animoak emanez aurre egin diogu guztiari, pazientzia handiz".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak