Ulmako zuzendaritzarekin batzartu da Eider Mendoza ahaldun nagusia

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ots. 19a, 16:45

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, erdian, Ulmara eginiko bisitan. Irudia: Ulma.

Taldearen egungo proiektuak eta etorkizuneko erronkak ezagutu ditu Mendozak. Horrez gain, Ulma Architectural Solutions kooperatibako handitze-lanak bisitatu ditu.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia Ulmako instalazioak bisitatzen izan da gaur Oñatin, eta zuzendaritza taldearekin batzartzeko aprobetxatu du unea, "kooperatiba taldea bultzatzen ari den proiektu sozioenpresarialaren bilakaera bertatik bertara" ezagutzeko, Oñatiko konpainiak ohar bidez adierazi duenez. "Bisitan, drainatzeen eta arkitektura soluzioen hornitzailea den Ulma Architectural Solutions enpresa bere ekoizpen planta handitzeko egiten ari den obretan zehar ibili da diputatua. Enpresa horrek datozen hiru urteetan 22 milioi euro inbertitzea aurreikusten du, lehiakortasuna eta epe luzeko negozioaren jasangarritasuna hobetzeko".

Mendoza, ordea, ez da Foru Aldundiko ordezkari bakarra izan, instalazioak bisitatzen izan baitira Ane Insausti, Ekonomia Sustapeneko diputatua, eta Unai Andueza, Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusia. Iñaki Gabilondo Ulma Taldeko zuzendari nagusia eta Ibon Calvo lehendakaria izan dira eurekin, zuzendaritza taldeko kideekin batera.

Ildo estrategikoez jardun dute elkarrekin, "berebiziko arreta" eskainiz "industriarako soluzio teknologiko aurreratuen garapenari, jasangarritasunaren aldeko apustuari eta eredu kooperatiba indartzeari". Horrez gain, etorkizuneko erronka batzuk eta "lankidetza publiko-pribatuak ekoizpen sarearen eraldaketan duen zeregina" jorratu dituzte: "Ulma Taldeak, erakundeekin eta lurraldeko industriaren eta teknologiaren ekosistemako beste eragile batzuekin lankidetzan, proiektuak bultzatzen jarraitzeko interesa duela azpimarratu du, bere proiektu sozioenpresariala handitzeko asmoz".

Architectural Solutions

Ulma Architectural Solutions kooperatibak, adierazi dutenez, datozen hiru urteetan hogei milioi euro bideratuko ditu "hainbat ekoizpen inbertsiori aurre egiteko, bere lehiakortasuna zein jasangarritasuna indartzeko eta enplegu berriak sortzeko asmoz". Horretarako, gauzatzen dabiltzan handitze lanei esker, fabrikaren 10.700 metro karratuei beste 6.600 gehituko zaizkie, eta horrek guztiak fakturazioa %25 handitzea ekarriko du hurrengo bost urteetan, Ulma Taldeko ordezkarien hitzetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak