Azkoagain hartuko du futbol inklusiboak domekan

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko ots. 19a, 14:22

Joan den urtean Mojategin egindako futbol inklusiboko topaketan.

Gipuzkoako Futbol Federazioak antolatuta eta Aloña Mendi kirol elkartearen laguntzarekin, infantil mailako entrenamendu bat egingo dute domeka goizean Azkoagainen. LH5etik DBH2 arteko edozein gaztetxok har dezake parte.

Gipuzkoako Futbol Federazioak bultzatuta, duela hiru bat urte hasi ziren kirol egokitu eta inklusiboko futbol topaketak egiten lurraldean zehar. Hilabetean behin egiten dute, gutxi gorabehera, eta 38.ena egingo dute Oñatin. Domekan izango da, 11:30ean, Azkoagainen.

Hirugarren denbora ere bai

Infantil mailako entrenamendu bat egingo dute berotze ariketak egin ostean eta amaieran, errugbian egiten duten hirugarren denboraren ohitura ekarriko dute futbol zelaira: jolasak eta mokadutxoak izango dituzte.

Josu Zubia da Gipuzkoako Futbol Federazioko kirol zuzendaria eta berak azaldutakoaren arabera, desgaitasunen bat duten haurrek eta gazteek ere futbolean jokatzeko izan behar dituzten aukerak dira topaketa hauek: "Egunerokotasunean, haur eta gazte hauek ez daukate aukera handirik besteek moduan futbolean jokatzeko. Irunen badago talde bat, baina horrelako gehiago sortzea da erronka. Entrenatzaileak edo prestatzaileak formatu beharra ere badakar horrek, eta oraingoz ez da herri gehiagotan sortu. Bitartean, topaketa hauen helburua hori da, desgaitasunen bat duten gaztetxoek ere futbolean jokatzea Bestetik, Gipuzkoako futbol elkarteekin elkarlanean antolatzen ditugu, inklusiboak izan daitezen saioak". Horixe gertatuko da Oñatin ere. Aloña Mendi kirol elkarteko hamabi bat entrenatzaile edo elkarteko kide izango dira domekan Azkoagainen entrenamendu hori gidatzen. "Gipuzkoa osotik etorriko diren gaztetxo horien ezaugarriak azaldu dizkigute federazioko kideek eta aholkatu gaztetxoekin esperientzia duten entrenatzaileak izatea domekako topaketan parte hartuko dutenak. Horretan saiatu gara. Dozena bat egongo gara federaziotik etorriko diren beste hiruzpalau arduradunekin batera saioa gidatzen", dio Jabi Agirrek.

Infantil mailako entrenamendua

Aloña Mendiko infantil handi taldeak egin ohi duen entrenamendu bat egingo dute domekako topaketa horretan eta kirol elkarteko jokalariez gain, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik Bigarren Hezkuntzako bigarren mailara arteko gaztetxoek hartu ahal izango dute parte. Ikastetxeekin harremanetan jarrita zabaldu dute informazioa gaztetxoak izena emateko. Oraindik guztira zenbatek parte hartuko duten ez dakite, baina horiei gehituko zaizkie federaziotik etorriko diren 8 urtetik gorako beste 25 bat jokalari. Aldez aurretik eman behar da izena: futbolegokitua@gipuzkoafutbola.eus edo 747 426 823 (Josu). 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak