Domekan, hilak, 23, urrezko aizkorako finalerdia jokatuko dute herriko plazan, 12:00etan. Herri kirolen erakustaldia ez ezik, hainbat txapelketatako kanporaketak egongo dira jokoan domeka eguerdiko probaldi horietan. Binakako urrezko aizkorako txapelketako finalerdia, esaterako, da horietako bat: Julen Alberdi eta Jon Rekondo, batetik, eta Aitzol Atutxa eta Eneko Otaño, bestetik. Elkarren aurka lehiatuko dira bi bikote horiek eta irabazlea martxoaren 16an Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan izango den finalerako sailkatuko da.
Banakako txapelketan, berriz, hiruko bi multzotan lehiatuko dira aizkolariak eta bakoitzeko onena pasako da finalera. Karmele Gisasola, Malen Barrenetxea eta Nerea Sorondo izango dira multzo batean eta Uxue Ansotegi, Oihana Fernandez de Barrena eta Oñatin bizi den Irati Astondoa bestean. Gainera, hemeretzi eta 23 urtez azpiko txapelketako probak ere egongo dira; lau aizkolari kategoria bakoitzean.
Harri-jasotzaileak ere bai
Plazan bertan, aizkolarien saioaren ondoren, harri-jasotzaileak lehiatuko dira. Zihara Zabala, Estefi Etxebeste eta Ane Cestau batetik, eta bestetik, Beñat Telleria eta Oskar Aguas harri txikietan eta Goenatxo III.ena harri handietan.
Eserita ikusi ahal izango dira
Probaldiak zuzenean eskainiko ditu Euskal Telebistak, 12:00etatik 14:30era. Aurten, gainera, eserlekuak jarriko dituzte plazan bertan, ikusleendako. Eguraldi txarra egiten badu kiroldegiko frontoian izango da.