Zapatuan Granadan egin zuten ekitaldian banatu zituzten aurtengo Goya sariak, eta han ziren Axier Perez Serrano eta Aitor Arregi Galdos Oñatiko zinemagileak. Hamahiru izendapen zituen Perezen lantaldeak egin duen La infiltrada filmak, eta horietatik bi eskuratu zituen –El 47 filmarekin, ex aequo, Film Onenaren Saria eta Emakumezko Aktore Protagonistarena–, eta bost izendapen, berriz, Arregiren lantaldeak Marco filmarekin, eta bi sari jaso zituzten: Gizonezko Aktore Protagonistaren eta Makillaje Onenaren sariak.
Aitor Arregi: "Esku artean ditugun proiektuak hauspotzen lagunduko dute Goya sariek"
Aurrez egondakoak ziren Goya sarien ekitaldian, eta "gozatu" egin zuten oraingoan ere, nahiz eta aitortzen duten modu ezberdinean bizi izan zutela. Presio barik joan zela kontatu du Arregik: "Beste batzuetan baino lasaiago egon ginen, bost izendapen bagenituen ere. Polita izan zen Eduard Fernandezek Aktore Onenaren Saria jasotzea, eta ederra, aldi berean, gure filmeko makillajea eta ile-apainketa goraipatzea. Balio handia ematen diegu jasotako sariei, brotxe oso polita jartzen diote Marco-ren ibilbideari".
Axier Perez: "Harrituta gaude 'La infiltrada' zinema-aretoetan izaten ari den harrerarekin"
Urduritasun handiarekin izan zela aitortu du Perezek: "Lehenengo aldia zen izendapena nuena –Produkzio-zuzendari Onenaren kategorian–, eta ez nuen irabazi, baina izendapena jasotzea izugarrizko saria izan da. Galaren bukaeran izan zen une harrigarriena, Film Onenaren Saria banatu zutenean; izan ere, El 47 filmari eman ziotela iragarri zuten arren, segidan La infiltrada-rekin banatuta zela iragarri zuten. Akats bat zela pentsatu genuen hasieran, eta sekulako poztasuna hartu genuen segidan. Oso pozik gaude, sari horrez gainera, Carolina Yustek Emakumezko Aktore Protagonista Onenarena eskuratu zuelako. Urte askotako lanaren fruituak izan dira Goya sariak, duda barik".
Arrakasta, zinema-aretoetan
Sariek filmaren ibilbidean eragingo dutela diote biek ala biek. Hauxe dio Perezek: "Harrituta gaude zinema-aretoetan izaten ari den arrakastarekin; horren erakusle, 197 aretotan bigarren ikusiena izan dela. Zinema jaialdietan ere jarraituko dugu eskaintzen". Eta zera gaineratu du Arregik: "Esku artean ditugun proiektuak hauspotzen lagunduko dute. Espainiako zinema-aretoetan Marco-ren ibilbidea bukatutzat jotzen dugu, baina Frantzian laster estreinatuko da, eta promoziorako lagungarriak dira sariak. Italian ere laster estreinatuko da, baita telebistan ere. Jaialdietan ere ibilbide polita egin du; hogei jaialditan egon da, eta Nantesko jaialdian izango da laster".