'Mamut' lana domekan, familian ikusteko

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko ots. 13a, 16:18

'Mamut' antzezlanaren une bat (Argazkilaria: Luis Antonio Barajas).

Markeliñe antzerki konpainiak 'Mamut' antzezlana ekarriko du domekan Oñatira, 4 urtetik gorako umeek eta euren senideek elkarrekin ikus dezaten. Hizkuntzarik gabeko garaian kokatuta, taldean eta elkarrekin lan egiteak duen indarra erakutsi gura du.

Mamut antzezlanarekin dator Markeliñe antzerki konpainia domekan Santa Ana antzokira. Familia giroan ikus daitekeen antzezlana da Mamut, elkarrekin, inor bazterrean utzi barik eta bakoitzak bere ekarpena eginez, gauza asko lortu, sentitu eta deskubritu daitezkeela erakutsi gura duen obra. Haurrendako zein helduendako ditu keinuak.

Hizkuntzarik gabeko garaian

Tximinotik gizakirako trantsizio garaian kokatzen da Mamut antzezlana. Hiru hominido, oraindik hizkuntzarik ez duten hiru gizaki, dira oholtza gainean agertuko diren hiru aktoreak. Otsoengandik ari dira ihesi hirurak, bakoitza bere bidetik, topo egiten duten arte. Elkarrekin daudela, eta komunikatzeko erabiltzen dituzten soinuei eta keinuei zein gorputz mugimenduei esker, elkarrekin otsoari aurre egiteko, bizirik irauteko, aukera gehiago dituztela ikusten dute. Konturatzen dira otsoari dioten beldurra gainditu dezaketela batera egonda, ehizara batera joanda. "Mamut baten hezurrekin gauzak sortzen hasten dira, irudikatzen, tresna edo erreminta bihurtzen. Konturatzen dira hobeto funtzionatzen dutela elkarrekin, bakoitzak bere ekarpena eginez. Elkarren laguntzarekin hobeto ibiliko garela da mezua, elkarren beharra dugula eta talde-lana denondako dela onuragarri", dio Markeliñe konpainiako zuzendari Jon Kepa Zumaldek.

Jolasak ume zein helduendako

Mezu hori modu "alaian, plastikoan eta dibertigarrian" ematen dutela gaineratu du Zumaldek. "Oraindik ez dute hizkuntzarik, baina komunikatzen dira, eta, poliki-poliki, gauzak elkarrekin eginaz, artea, hizkuntza eta sua sortzen dituzte, adibidez. Talde-lanaren garrantzia, maitasunaren indarra zein heriotza ikusiko ditu ikusleak; gizakiaren eboluzioa, nolabait esatearren. Eta erritmo bizian, dibertigarrian eta poetikoan. Horretarako, jolasak erabiltzen ditugu".

Umeendako zein helduendako aproposak eta harrigarriak diren jolasen bidez osatutako antzezlana da, eta batzuendako zein besteendako keinuak daudela nabarmendu du Zumaldek. Nerea Martinez, Fernando Barado eta Maite Bayon dira oholtzan hominidoen rola beteko duten aktoreak, eta 4 urtetik gorako umeek eta euren senideek gozatzeko prestatua. Domekan izango da Mamut antzezlana, 17:00etan, Santa Ana antzokian. Sarrera lau euro da; udal webgunean eros daiteke aurrez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak