Elene Guridi omendu du Aloña Mendik, Azkoagainen

Gontzal Belategi Zubia 2025ko ots. 9a, 19:31

Elene Guridi Aloña Mendiren gizonezko taldearekin batera omenaldi ostean.

Elene Guridi omendu du Aloña Mendik, Azkoagain futbol zelaian. Aurreko urtean egin zuen debuta Realeko lehen taldean, eta denboraldi honetan ofizialki lehen taldearen parte izatera pasa da.

Gaur egun Zubietako zelaian aurrera eta atzera ibiltzen den arren, Azkoagainen eman zituen lehen pausoak Elene Guridik. Zelai horretan omendu dute gaur futbolari oñatiarra, azken urteetan egindako lanagatik eta izandako ibilbide oparoagatik. "Pribilegiatu bat sentitzen naiz nagoen lekura heltzeagatik", adierazi du jokalariak.

Gaztetan hasi zen Guridi futbolean jokatzen, "futbol eskolan lehenengo eta Aloña Mendiren infantil taldean ondoren.". Aloña Mendiko kideek ez dute ahaztu herriko taldean izan zuen ibilbidea, eta omenaldiarekin batera herriko taldearekin debutatu zuenean eraman zuen 26 zenbakidun kamisetaren koadroa oparitu diote: "Beti nirekin gordeko dudan zerbait da". Eskertuta agertu da oñatiarra omenaldiaren ostean: "Aloña Mendiri oso eskertuta nago, beraiek ere ibilbide honen parte direlako eta omenalditxo hau detaile oso polita izan delako, ilusio handia egin dit".

Ibilbide oparoa

Ibilbide oparoa izan du Guridik futbolean. Esan bezala, Aloñarekin eman zituen lehen pausoak, baina, 2016an Eibarrera joan zen jokatzera. Bertan egon zen 2018an Realak fitxatu zuen arte. Real Sociedad B taldean eman zituen lehen urteak, baina, aurreko urtean debutatu zuen oñatiarrak lehen taldearekin.

Aurten, ofizialki lehen taldeko jokalari izatera pasa da. Talde berriarekin emaitza oso onak izaten dabil, eta horren froga da jardunaldi honetan gol bat sartu izana, Deportivo de La Coruña taldearen aurka. "Ibilbide gorabeheratsua izan dut, bereziki lesio eta bestelako testuinguru batzuekin, baina azkenean lortu dut harrobian dagoen edozeinek amesten duena, lehen taldera iristea. Egia esan oso pozik nago, baina gelditu gabe egunero lanean jarraitzea tokatzen da lehen taldean mantendu ahal izateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak