Aurretik ezagutzen zuten elkar Oñatiko LeeKore taldeko abeslariak eta Zumaiako Hoben taldekoak, etak antzeko musika-ideiak dituztenez, lan berria elkarrekin argitaratzea erabaki dute. Antifa hardcore izeneko diskoa grabatu dute, Zumaiako Ozen estudioan; hardcore eta metal doinuak jorratzen dituzte bi taldeek, eta bi asteburutan zazpi kantu grabatu zituzten: introa eta beste sei abesti.
Diskoan elkarrekin egin dituzten bi kantu dituzte –horietako bat beste kantu original baten moldaketa bat da–, eta bakoitzak bere taldearen izenean beste bina kantu grabatu ditu. LeeKore taldeko Pello Uriartek azaldu du diskoa zein asmorekin argitaratu duten: "Eskuin muturreko gorakada horren aurrean, gure posizioa azaldu nahi izan dugu eta esan nahi dugu guk defendatzen ditugun gauza asko ez datozela bat gaur egun gertatzen diren beste gauza askorekin; hori salatu nahi izan dugu diskoan".
Diskoaren aurrekari bezala, lanaren izen bereko bideoklipa ere argitaratuta dute.
Zuzenekoa, etxean
Gaur, egubakoitza, Zumaiako gaztetxean aurkeztuko dute lan berria, eta bihar, zapatua, Oñatiko Antixena gaztetxean izango dira, 22:00etan. Uriartek esan du gogoz daudela: "Alde batetik, urduri gaude, aurrez inoiz ez dugulako horrelako zerbaitetan parte hartu zuzenean; izan ere, kanturen batzuk elkarrekin nahastuta joko ditugu. Baina zuzenekora gogoz joango gara, eta ea publikoa ere animatzen den". Gaineratu du Antixenean jotzea beti izaten dela "plazera" eurendako.