Albisu sendo eta Peña eraginkor Zubikoan

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ots. 1a, 10:28

Mukuru bete da bart Zubikoa kiroldegiko pilotalekua, Binakako Txapelketaz gozatzeko. Partidu nagusian, behetik gora datozen Peña II.a eta Albisu nagusi izan dira Ezkurdiaren eta Rezustaren aurka (22-13).

Itxura bikaina erakutsi dute bart Zubikoako pilotalekuko harmailek, eserleku bakar bat ere ez baita libre egon. Pilota gosez ziren oñatiarrak eta garaipen gosez, berriz, Peña II.a eta Albisu, puntu beharrean zeuden-eta. Hala, ataundarrak sendotasun handia erakutsi du atzean, Beñat Rezustari lan handiak emanez. Egoera hori ondo baliatu du aurrelari tolosarrak, aurrean tantoak maisutasunez bukatuz eta Ezkurdia aukerarik gabe utziz.

Partidu hasiera orekatua izan da, lehen tantoak luzeak eta lehiatuak izan baitira. Edozelan ere, urdinak hasieratik hartu dute abantaila (3-7). Gero, ordea, bergararraren eta arbizuarraren susperraldia etorri da eta partidua berdintzea lortu dute (9-9). Ordurako, baina, Albisu gailentzen ari zen atzeko koadroetan eta, apurka-apurka, balantza alde urdinerantz itzultzen hasi da. Sei tanto segidan eginda, 9-15 aurreratu da Baikoko bikotea, baita 10-20 ere. Azkenerako, hamahiru tanto besterik ez dituzte egin atzora arte lider zirenek.

Garaipen horrekin, Peña II.ak eta Albisuk play-offeko borroka betean jarraituko dute. Ezkurdiak eta Rezustak, galdu arren, sailkapeneko lehen bi postuak ia bermatuta dituzte, liga erregularra bukatzeko bi jardunaldiren faltan. Hori bai, asteburuko emaitzei begira egon beharko dira oraindik, sailkapena estu baitago goian ere.

Larrazabal eta Lizeaga irabazle

B Serieko txapelketan, berriz, Larrazabalek eta Salaverriren ordez aritu den Lizeagak irabazi dute partidua, Egiguren V.a eta Bikuña ordezkatu duen Erostarbe erraz menderatuta (22-10).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak