Erik Martin: "Asmoa da datozen urteetan ere lasterketa egiten jarraitzea"

Julen Murua Mesonero 2025ko urt. 31a, 12:00

Martin, San Martingo krosean.

Asteburuan egin zuten San Martingo lehenengo eskolarteko krosa. Giro haizetsua izan zuten, baina antolakuntza-lanetan ibili den Erik Martinek (Oñati, 1999) dio "gustura" bukatu zutela antolatzaileek eta korrikalariek.

Haize eta guzti, baina egin da eskolarteko krosa.

Bai; egia esan, beldurrez geunden, alerta horia laranja izatera igaro zitekeelako. Zorionez, baina, ez zen ezer gertatu eta goiz polita izan zen.

Gustura gelditu zarete?

Bai. Ez nintzen gauza askorekin konturatu, baina, esan didatenez, dena ondo joan zen, polita izan zen eta zirkuitua ere oso ondo egon zen; horrenbestez, pozik gaude.

Lokatz gutxi aukeran?

Ikusgarriagoa izateko, aukeran bai [Barre]. Gainera, oro har, neska-mutilek ere gehiago gozatzen dute lokatza dagoenean. Hala ere, ondo egon zen.

Gipuzkoa mailako krosa izan da; nondik etorri dira korrikalariak?

Bada, Donostiatik, Azpeititik, Tolosatik eta Arrasatetik etorri ziren neska-mutilak. Leku pila batetik.

Hortaz, deialdiak izan du oihartzuna ibarretik kanpo ere.

Federaziotik 132 korrikalari inguru genituen izena emanda, eta eskola kirolarekin beste 49 pertsonak eman zuten izena. Ez ziren eskola kiroleko guztiak etorri, baina Federaziotik gehienak bai. Hala, 120 edo 130 pertsona inguru izan genituen.

Lasterketa antolatzeko ondo moldatu zarete?

Bai; izan ere, gurasoek ere asko lagundu ziguten, eta eskertzekoa da hori. Atletismoan ez gaude jende asko, eta emandako laguntza asko eskertzen da.

Lehenengoa eginda, izango du jarraipenik?

Asmoa hori da, bai. Lehen ere egiten genuen, baina etxeko formatuan. Orain, Federaziora pasatu dugu formatua, eta ea urteetan mantentzeko aukera dugun. Federazioko kideek ere esan digute pozik daudela egindakoarekin, eta ea datozen urteetan lasterketa beste kategoria batzuetara hedatzerik dugun; alegia, helduagoak diren korrikalarien kategorietara. Ikusiko dugu aurrerago ea zer moduz ari garen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak