Lehenengo faseko azken txanpan murgilduta dago Construcciones Ugarte Aloña Mendi taldea. Fasea amaitzeko azken jardunaldia jokatzea falta bazaie ere, sailkapeneko bigarren postua ziurtatuta dute oñatiarrek, eta igoera fasera begira jarri dira dagoeneko. Liga hasiera kaskarra egin ostean –bi partidu irabazi eta bi galdu egin zituzten–, txapelketari neurria hartu eta ez du oina azeleragailutik altxatu Iñaki Zabartek zuzentzen duen taldeak.
Iaztik aldaketak
Zabartek aitortu du iaztik "hobekuntzak" ikusi dituela "bai taldearen mailari dagokionez, baita jokalari bakoitzaren arlo indibidualean ere", baina, era berean, denboraldi hasieran kosta egin zitzaiela dio, taldeak izan zituen aldaketengatik: "Iaztik zazpi jokalarik utzi zuten taldea, eta lauzpabost jokalari berri hasi ziren. Horrek eragiten du, oinarria sortuta egon arren, taldea berriro eraiki behar izatea. Hala ere, bigarren itzulian ikusi da taldeak baduela Gipuzkoako txapelketako goiko postuetan egoteko maila, eta, zergatik ez, Euskal Ligara igotzeko maila ere; izan ere, uste dut, beste hiru talderekin batera, gertuago gaudela Euskal Ligak duen mailatik Gipuzkoako Ligak duen mailatik baino".
Igoera faseari begira
Sailkapeneko bigarren postua ziurtatuta, Aloñakoak hasi dira igoera fasean aurrean izango dituzten taldeak zeintzuk izango diren aztertzen. Izan ere, multzo bakoitzeko lau talde onenek –guztira zortzi– jokatuko dute fasea, eta liga erregularreko taldeen aurka lortutako puntu kopuruarekin igaroko dira talde guztiak hurrengo fasera. Hala, beste multzotik sailkatutako lau taldeen aurka jokatuko dute txantxikuarrek: Txingudi, Saieko, Ordizia eta Tolosa. Denboraldi bukaeran, lehenengo sailkatua zuzenean igoko da Euskal Ligara; bigarren sailkatuak, berriz, hiru talderen arteko txapelketa jokatu beharko du mailaz igotzeko. Hala, taldeko jokalari Oihane Lazkanoiturburuk esan du Euskal ligarako igoera lortzea ez dela "erraza" izango, horretarako partida gehienak irabazi beharko dituztelako. Oñatiarrak dio helburua lortzeko ezinbestekoa izango dela "defentsan gogor eta erasoan buruarekin" ibiltzea; baina, mailaz igotzea lortzen ez badute ere, bizitako esperientziak "ikasten jarraitzeko" balioko diela onartu du.