Duela hiru urte bezalaxe, aurten ere irteera egin dute Madrileko euskal etxera Aita Madina txistulari taldeko kideek; Madrilen bizi zen legazpiar baten bitartez izan zen orduan, Oñatiko txistularien bitartez izan da oraingoan.
Urko Urteaga oñatiarra txistu irakaslea da Madrileko euskal etxean eta hark gonbidatuta joan dira oñatiarrak hara. Zazpi lagun izan dira: txistulariak lau, txistua ikasten ari diren bi eta legazpiar bat. "Urko Urteagarekin eta Esteban Urzelairekin elkartu ginen han; Esteban ibili zen txistulari Oñatin. San Sebastian eguneko hurrengo domekan danborrada egiten dute euskal etxean eta hor izan zen gure bigarren emanaldia. Euskal etxetik San Inazio elizara egin zuten danborrada", dio Lander Diaz de Gereñu txistulariak.
Asteburu betea izan dela gaineratu du Diaz de Gereñuk eta hartu-eman horrekin jarraitzeko asmotan direla: "Ez da izango urtero egin ahal izango dugun irteera, baina ez dut uste hau azkena izango zenik".
Gabon kantuekin bukatu zuten joan den urtea herriko txistulariek eta Madrileko kontzertuekin hasi berria. Hemendik aurrera ohiko egutegia izango dute: laster Inauteriak, gero Oñatzekin batera egingo dituzten saioak eta herrian urtean zehar antolatuko diren beste ekitaldi batzuk, euren ohiko kontzertu eta dianak baztertu barik.