120 bat gaztetxok hartu dute parte Oñatin egin den Gipuzkoako eskolarteko krosean

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko urt. 26a, 19:02

San Martin auzoko zuhaiztian egin da Gipuzkoako lehen eskolarteko krosa. Emandakoarekin pozik agertu dira antolatzaileak, Aloña Mendiko atletismo saila, eta datozen urtetan ere egiten jarraitzeko asmoa dutela iragarri. Federazioari ere gustatu zaio zirkuitua.

Goizean egin da Oñatiko San Martin auzoan dagoen zuhaiztian Gipuzkoako lehenengo eskolarteko krosa. Haizearen kontra, Azpeitiako, Eibarreko, Zarautzeko, Ordiziako, Zumaiako, Tolosako, Elgoibarreko, Orioko, Arrasateko eta Oñatiko atleta gaztetxoak hartu dute parte, 120 bat inguruk. Zapatuan euria egin zuen baina ez ibilbide lokazteko beste eta lehorrean egin dute korrika gaztetxoek, nahiz eta bakarren batek lokatza faltan bota "askoz dibertigarriagoa" izango zelako lasterketa.

Benjamin, alevin eta infantil kategoriak hartu dute parte, zirkuitu bera guztientzat baina buelta kopurua ez: bakarra gazteenek, bi erdikoek eta hiru zaharrenak. 10:00etan hasi da eta ordu laurdenero izan dira irteerak; azkena 11:15ean. Hasiera eta amaiera puntua berdina izan da, iturri ondoan.

Oñati mailako krosa lehen ere toki. horretantxe egiten zen eta Gipuzkoa mailakoa egitea pentsatu dute aurten Aloña Mendiko atletismo sailekoek. Gaurkoak izan duen erantzunarekin eta nola joan den ikusita, datozen urtetan ere antolatzeko asmoa dutela aurreratu du Aloña Mendiko Eric Martin atletak: "Gure asmoa bada antolatzen jarraitzea. Gu pozik gelditu gara eta epaileek esan digute Federazioari ere gustatu zaiola zirkuitua. Datorren urtean beste kategoria batzuetakoak ere, zaharragoak, antolatzeko gonbidapena luzatu digute, eta egia esan ez dakit hori egingo dugun edo ez baina aurtengo mailekin, behintzat, egitea da gure asmoa".

Martinekin batera Aloña Mendiko beste pare bat atleta ibili dira lasterketa hauek antolatzen; kros denboraldiko egutegiko azkenak. Goizean baina, etxeko kirol elkarteko atleta gaztetxoen guraso asko ibili dira eurei laguntzen eta eskerrak eman dizkie Martinek.

Aloña Mendikoak ez ezik, Arrasateko atletismo taldeko kideak izan dira parte hartu duten bailarako beste elkartekoak. 27 etorri dira handik, hiru mailetakoak. Gaztetxoenekin ibiltzen diren Ane del Fresno eta Ane Avila pozik zeuden, "benjamin mailakoek ere parte hartu ahal izan dutelako eta beste kros batzuetan ezin izan dutelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak