Gipuzkoako korrikalari gaztetxoenak batuko dira domekan San Martingo belardian; izan ere, asteburuan jokatuko da San Martingo eskolarteko krosaren lehenengo edizioa. Gipuzkoako hainbat atletismo taldetako korrikalariek hartuko dute parte lasterketan, eta, 10:00etan hasita, guztira sei lasterketa jokatuko dira –kategoria bakoitzeko bi–.
Hiru kategoria
Gipuzkoako Atletismo Federazioaren egutegiko azkenengo proba izango da asteburuan San Martinen jokatuko den krosa, eta hiru kategoriatako korrikalariak lehiatuko dira bertan: alde batetik, benjamin mailako korrikalariek 600 metroko lasterketa egingo dute, belardian markatuta egongo den ibilbidea behin eginda –neskena 10:00etan hasiko da eta mutilena 10:15ean– ; alebin mailakoen kasuan, lasterketa 1.200 metrokoa izango da, eta, hortaz, bi itzuli egin beharko dituzte belardian markatuta dagoen ibilbidean –neskena 10:30ean hasiko da eta mutilena 10:45ean–; eta amaitzeko, infantil mailako korrikalariei dagokienez, 1.600 metroko lasterketa jokatuko dute –neskena 11:00etan hasiko da eta mutilena 11:15ean–. Kategoria guztietako lasterketak jokatu ostean, sari banaketa egingo dute, 11:30ean.
Aloña Mendiko korrikalariek hartu izan dute parte San Martingo krosean; herri mailako lasterketa bat izan baita, aurten arte. Gipuzkoako Atletismo Federazioaren egutegi barruan sartzeak eragin du probintziako beste talde batzuetako ordezkariek ere lasterketan izena ematea, eta, krosa antolatzeaz arduratu den Erik Martinek dioenez, "Azpeititik, Oriotik, Arrasatetik, Zumaiatik eta Elgoibartik etorriko dira korrikalariak San Martingo krosean parte hartzera".
Hori kontuan izanda, Martinek aitortu du espero duela datozen urteetan ere jarraipena ematea lasterketari: "Lehenengo, aurtengoa egin behar dugu; baina bai, gure asmoa bai da urtetik urtera San Martingo kros lasterketa egitea, eta urtetik urtera parte hartzen dutenen kopurua handitzea".