Azkenengo bi partiduak galdu egin ditu Biotz Aloña Mendik, baina oraindik igoera faserako sailkatzeko aukera askorekin jarraitzen du. Sailkapeneko bigarren postuan dago gaur egun Aitor Ugarteren taldea, baina azkenengo bi jardunaldietan ezin dute hutsik egin; ez, behintzat, igoera fasea jokatzeko helburuari eutsi nahi badiote. Etxean talde sendoa dela erakutsi dute oñatiarrek; kanpoko partiduetan, berriz, partidu onak egitea kosta egin zaiela aitortu du Ugartek: "Urtarrilean bi partidu jokatu ditugu etxetik kanpo, gure atzetik doazen bi talderen aurka, eta partidu txarrak egin ditugu. Kanpoan ez dugu eroso jokatzen; ez dugu feeling ona lortzen baloiarekin eta saskiarekin". Hala, Zubikoan jokatzeari heldu nahi diote, BKL taldearen aurkako partidua irabazi eta igoera fasea atzamar puntekin ukitzeko; izan ere, garaipena eskuratu eta aurkari zuzenek galduz gero, hurrengo faserako matematikoki sailkatzeko aukerak izango lituzke Aloñak. Edozelan ere, Ugartek dio "Aloñak irabaztea" dela bere helburua, eta ez zaio axola "gainontzeko taldeek zer egiten duten".
Taldea, "gogotsu"
Urtarrilaren aurretik etxeko lanak egin izanak esku artean utzi dio Aloñari igoera faserako sailkatzeko txartela. Hori jakinda, asteburu honetakoa "partidu garrantzitsua" dela dio entrenatzaile oñatiarrak; ez bakarrik "emaitza ona lortzeko", baita "sentsazio onak berreskuratzeko ere". Sailkapeneko azkenengo postuan dagoen BKL taldea izango dute aurrean Ugarteren mutilek, eta taldea "gogotsu" dago datozen bi partiduetan maila ona eman eta hurrengo faseari ekiteko.
Igoerarekin itsutu gabe
Igoera faserako sailkatuz gero, txapelketako beste multzoko taldeen aurka jokatuko luke Aloñak: "Gure multzotik igoera faserako sailkatu direnen aurkako emaitzak balio du fase honetan; hortaz, beste multzoko taldeen aurka jokatuko genuke". Hala ere, oñatiarrak ez dira "itsutu" igoerarekin. "Ikusiko da zer gertatzen den igoerarekin. Espero dut fase horretan egotea, eta, beste multzoko taldeak ikusita, gustatzen zait igoera faseak har dezakeen itxura", adierazi du Ugartek.
Zubikoa betetzeko gonbita
Horrenbestez, etxean jokatutako partiduek duten garrantzia ikusita, "Zubikoara joan eta taldea animatzeko" eskatu die Ugartek herritarrei.