Oinak lurrean dituztela, helburu handien bila

Julen Murua Mesonero 2025ko urt. 22a, 09:06

Aloña Mendiko areto futboleko taldea. Argazkia: Oier Yaniz.

Duela bi denboraldi, Euskadiko txapelketara igotzetik oso gertu gelditu zen areto futboleko taldea. Bide onetik doaz aurtengo denboraldian Iban Arregiren mutilak, baina denboraldia oso luzea den jakitun dira jokalari txantxikuarrak.

Aise ari dira Aloña Mendiko areto futboleko taldekoak aurtengo denboraldian. Gipuzkoako Lehenengo Mailako liderrak dira: jokatutako hamabi partiduetatik bedeeratzi irabazi dituzte, eta hiru bakarrik galdu. Urteak daramatza senior taldeak Gipuzkoako txapelketa gorenean maila ona erakusten, baina badirudi aurten aurrerapausoa eman dutela oñatiarrek.

Maila handia

Iban Arregi entrenatzaileak dio taldea "oso maila handia" ematen ari dela, eta denboraldi hasieran ez zuen halakorik espero: "Ez nuen espero halako maila emango genuenik, niretzat ere jauzi handia izan delako kadeteen mailako taldea entrenatzetik senior mailako taldea entrenatzera igarotzea, baina jokalariak oso erantzun ona ematen ari dira"."Oso motibatuta eta oso inplikatuta" ikusten ditu jokalariak entrenatzaile oñatiarrak, eta bigarren itzulian "maila berbera" ematea espero du. "Lesioek errespetatzea" eskatzen du Arregik; izan ere, "taldeko bi jokalari oso garrantzitsu epe luzean min hartuta" egongo direla dio. Hala ere, gainontzeko taldekideen mailak "lasaitasuna" ematen dio entrenatzaileari.

Sailkapeneko lehenengo postuan dago Aloña, eta, hain zuzen, igoera du begiz jota

Helburuak, garbi

Urte hasierako helburua "iazkoa baino denboraldi hobea egitea" zela dio Mikel Urkiak, taldeko kapitainetako batek: "Trantsizio garai bat bezala aurreikusten genuen, entrenatzailea aldatu genuelako eta jokalari berriak iritsi zirelako; eta oraindik ere izaten jarraitzen du, gauza asko ditugu-eta ikasteko". Hala ere, emaitzek erakusten dute sailkapeneko talde gogorrenetako bat dela Aloña, eta goiko postuei eustea da, urte amaierara begira, taldeak duen helburua: "Helburuak iazko deboraldia hobetzea izaten jarraitzen badu ere, has gaitezke helburu handiagoetan pentsatzen: txapelketa lehenengo postuan amaitzea, hain zuzen. Badago gaitasuna; baita gogoa eta ilusioa ere. Egia da ez dugula askorik hitz egin igoeraren inguruan, baina astetik astera gero eta anbizio handiagoa du taldeak, eta espero dugu aurrerapausoak ematen jarraitzea".

Denboraldi luzea

Sailkapeneko lehenengo postuan dagoen arren, Arregik adierazi du denboraldia "luzea" dela eta edozein taldek edozeini irabaz diezaiokeela. Hortaz, "orain arteko maila mantendu" gura du entrenatzaile oñatiarrak, denboraldi amaieran helburu handiak lortzeko lehiatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak