Etxegaraik ezin izan du Oñatin jokatu duen partidua irabazi

Txomin Madina Milikua 2025ko urt. 19a, 18:44

Emakumezkoen Binakako Txapelketako bi pilota partidu hartu ditu Oñatiko Zubikoa kiroldegiko frontoiak. Madalen Etxegarai oñatiarrak  Miriam Arrillagarekin osatutako bikoteak 14-22 galdu du Arraiza-Gaminde bikotearen aurka.

Azken orduko aldaketa baten ondorioz, etxean, Oñatin jokatu du Madalen Etxegaraik Emakumezkoen Binakako Txapelketako 2025eko lehen partidua. Izan ere gaur Oñatik hartu dituen bi norgehiagokak Eskoriatzan ziren jokatzekoak, baina bertako pilotalekuan pilatutako hezetasunak lekualdatzea ekarri du.

B multzoko partiduak izan dira gaur Oñatik hartu dituen biak. Etxegaraik eta Arrillagak osatutako bikote gorriak urdinez jantzitako Arraiza eta Gaminde izan ditu aurrean eta lehen tantoa gorriena izan arren, urdinek aurrea hartu eta apurka-apurka markagailuko aldea handitzen joan dira. Hala, 14-22 izan da azken emaitza urdinen alde.

Finalaurrekoetarako, itxaron egin behar

“Hasieran nahiko parekatuta ibili gara. Ez dut uste gaizki jokatu dugunik, baina eurak tantoak egiten joan dira eta guk ez dugu jakin tantoak ixten”, azaldu du Etxegaraik partiduaren ostean. Gaur punturik ezin lortuta, finalaurrekoetara heltzeko itxaron egin Etxegaraik eta Arraizak. “Aurreko partiduan puntu bat lortu genuen, eta gaur ere irabazi izan bagenu finalaurrekoetan geundeke. Hurrengo jardunaldian argituko da zer gertatuko den ”, azaldu du oñatiarrak.

B multzoko bigarren partiduan, aldiz, Uriarte eta Capellanek 11-22 galdu dute Salsamendi eta Erasunen kontra. Gauzak horrela, hauxe da gaurko jardunaldiaren ostean, multzoko sailkapena:

1. Arraiza-Gaminde 2 puntu
2. Etxegarai-Arrillaga 1 puntu
3. Salsamendi-Erasun 1 puntu
4. Uriarte-Capellan 0 puntu

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak