Eric Martin (1999) aurten zintaren beste aldetik dabil jarraitzen kros lasterketak, baina, hala ere, urtarrilaren 26an Oñatin egingo duten lasterketa antolatzeko lanetan dabil, taldekideekin batera. Hitzordu hori gazteei zuzendutakoa izango da, hor dago-eta Gipuzkoako harrobia.
San Martingo krosa ez da lasterketa berria, ala?
Ez; aurrekoan ibili ginen taldekideen artean berbetan, eta, gutxienez, 10 urte izango ditu kros horrek. Kontua da orain arte herri mailako lasterketa bat zela, gazte oñatiarrei zuzendutakoa. Orain, lurralde osora zabaldu dugu, Gipuzkoako klub guztiak daude gonbidatuta. Aurreikusten dugu 50 eta 80 atleta artean etorriko direla.
Ze ezaugarri izango ditu krosak?
2011tik 2015era bitartean jaiotako gazteei zuzendutako lasterketak egingo ditugu (10:00), eta zirkuitua San Martingo parkean egingo dugu. Lasterketa azkarra izango da, ibilbide laua da eta ez da lokatzarik pilatzen. Ea klubetako gazteak animatzen diren. Infantil eta alebin mailetan ezinbestekoa da federatuta egotea, baina benjamin mailan edonork har dezake parte. Izen-ematea urtarrilaren 21ean amaituko da.
Gazteak harrapatzeko modalitate ona da krosa?
Nik uste dut baietz, pistan korrika egitea baino entretenigarriagoa da eta. Eguraldiak asko baldintzatzen du lasterketa, zirkuituak ezberdinak izaten dira... Krosean bereziki indarra behar izaten da, eta ez du zentzu handirik erritmoari kasu egitea, baldintza oso aldakorrak izaten dira-eta lasterketan zehar. Nik uste dut gazteendako politak direla krosak.
Aurten, baztertuta dituzu krosak...
Bai; joan den astean, Euskadiko Txapelketa ikusten egon nintzen, lasterketaz kanpotik gozatzen. Bertatik bertara ikusi nuen Larrea anaien arteko lehia, lasterketa oso polita egin zuten [Ikus 24. orria]. Kontua da iaz kroseko lasterketetatik errekuperatzea nahi baino gehiago kostatzen zitzaidala, lesionatu ere egiten nintzen... Akaso, nire ezaugarriak ez dira egokienak krosak egiteko; korrikalari oso arina naiz, eta zirkuitu lokaztuetan indarra behar da. Tira, aurten, min hartu barik nabil; horrenbestez, ez da erabaki txarra izan.
Ze lasterketa egin dituzu?
Abenduan Gasteizko maratoi erdian egon nintzen [1.12.08], eta gustura geratu nintzen egindako lasterketarekin. Oñatiko San Silvestre proban, berriz, podiumean egotea nuen helburu, Larrea anaiak etorri zirela ikusi nuen arte [Barre]. Baina Donnayk, Mikel Ugartek eta hirurok lehia polita izan genuen.
Eta aurrera begira?
Martxoan hamar kilometroko lasterketa bat egin nahi dut, Espainiako Txapelketa Bilbon antolatuko dutela entzun dugu eta... Eta, horrekin batera, pistan 5.000 metroko lasterketa bat egitea dut buruan.