Gazte gara gazte

Oier Yaniz: "Nire zaletasunak argazkilaritzarekin nahasten ditut"

Julen Murua Mesonero 2025ko urt. 10a, 14:00

Oier Yaniz argazkilari oñatiarra.

Argazkilaritza da Oier Yanizen (Oñati, 2002) zaletasunetako bat. Sukena musika taldearen kontzertuetan izaten da, oholtza gainean gertatzen dena argazkien bidez erakusteko, baina hegazkinei argazkiak ateratzen ere aritzen da, spotter.

Zer du berezia hegazkinen argazkilaritzak?

Guretzat hegazkinak kromoak bezalakoak dira. Aplikazio baten bitartez ikusten dugu datozen egunetan hegazkin berezirik egongo den edo ez, eta, hala bada, argazkiak ateratzera joaten gara. Zenbat eta kromo bereziagoak izan, orduan eta hobeagoa da guretzat. Badaude mundu osoan oso gutxi dauden hegazkinak, eta noizean behin Euskal Herriko aireportuetara etortzen dira; ederra da horien argazkiak edukitzea.

Oholtza gaina ala aireportua, zer duzu nahiago?

Galdera ona da. Azkenaldian gehiago ari naiz kontzertuen munduan lanean hegazkinekin baino. Ez dakit dagoeneko hegazkinei argazkiak ateratzearena pasatu egin zaidan, baina orain ilusio handiagoa pizten dit kontzertuen munduak. Gainera, Sukena oso gertuko proiektu bat da niretzat, bertako kideak lagunak direlako.

Zure ikasketek badute argazkilaritzarekin loturarik?

Ez; izan ere, Ingeniaritza Informatikoa ikasten ari naiz, eta ez du batere zerikusirik.

Hortaz, nola piztu zitzaizun argazkilari, eta zehazki spotter, izateko grina?

Spotter mundua gustatzen hasi zitzaidan Sully pelikula ikusi nuenean. Bertan, hegazkin batek istripu bat izaten du eta Hudson errekan lurreratzen da. Horrek piztu zuen nigan hegazkin munduaren gaineko kuriositatea, eta nire bi zaletasunak uztartzea erabaki nuen.

Afizioz ala ofizioz duzu nahiago argazkilaritza?

Gaur egun, argazkilaritza zaletasuna da niretzat, eta oso gustuko dudan zerbait da, gainera.

Argazki-kamerarik ez duzunean, zer gustatzen zaizu egitea?

Normalean, nire gainontzeko zaletasunak nahasten ditut argazkilaritzarekin. Realzalea naiz, futbolzalea ere bai, eta ibili izan naiz Realaren partiduetan argazkiak ateratzen, zelaian bertan; oso gustuko dudan zerbait da. Esku artean argazki kamerarik ez dudanean eta, esaterako, mendian egon eta paisaia erakargarri bat ikusten dudanean, aitortu beharra daukat sufritu egiten dudala argazkirik ateratzeko aukerarik ez dudalako. Badaukat argazkiak ateratzeko behar hori.

Etorkizun hurbila argazkilaritzari lotuta irudikatzen duzu?

Momentuz, Ingeniaritza Informatikoa ikasten dihardut, eta, epe motzera begira, horretan jarraitzea da nire helburua. Hala ere, argazkilaritza oso gustuko dut eta ate guztiak irekita ditut.

 

MOTZEAN

Janari gustukoena? Txuleta.

Mendia ala hondartza? Mendia.

Abesti bat? Berri Txarrak-en Oreka.

Patata-tortilla, tipularekin ala barik? Tipularekin, beti.

Parranda ala Netflix? Parranda egitea.

Bidaiatzeko toki bat? Abu Dhabira joan nahi dut lagun bat bisitatzera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak