Zer da aitortza hori jasotzea?
Oso pozgarria izan zen, ez nuen espero halako aitortzarik, ezta horrenbeste pertsona gerturatzerik ere. Kantuan ibili ginen, eta oso ondo prestatu zuten guztia Pake Lekuko kideek.
Herriari asko eman diozun erakusle da.
Hala esaten dute, bai. Norbera, askotan, kontziente ere ez da izaten halako aitortza bat jaso arte. Urteak daramatzat Pake Lekuri lotuta; batzordeko kide ere izan nintzen, eta bertatik Boluntariotza Saria jasotzea ederra izan zen. Hunkitzeko modukoa, benetan.
Urteak egin dituzu musikari lotuta.
Bai; urte pila bat egin ditut Pake Lekun eta Oñatiko bandan. Pake Lekun hasi ginenean, Santa Ageda egunean atera ginen kalera koruarekin aurrenekoz. Entsegu batzuk egiten hasi ginen, eta gaur egun ere martxan jarraitzen du elkarteko koruak.
Hunkitzeko moduko ekitaldia izan zen, ezta?
Bai, oso hunkigarria izan zen ekitaldia. Familiako kideak egon ziren aurreneko lerroan, eta Pake Lekuko aretoa bete egin zen. Asko gozatu nuen egunaz, eta esker hitzak besterik ez dut omenaldia antolatzen ibili ziren guztientzat; izan ere, hunkituta amaitu nuen.