Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan sortutako Allegro Vivo musika bandak emanaldia egingo du domekan, Santa Anan, 12:30ean. Banda zuzentzen egongo da Kepa Lopez Lasa oñatiarra, eta lehen kontzertua izango da harendako. "Urduri nago. Zuzendari moduan egiten dudan lehen kontzertua izango da, eta etxean, gainera. Ea nola kudeatzen ditudan nerbioak", esan du oñatiarrak.
Zuzendari ikasketak
Lopez Lasak zuzendari ikasketak egiten dihardu, eta hari bururatu zitzaion musika banda martxan jartzea. "Zuzendari lanetan gabiltzanok aukera txikiak ditugu praktikak egiteko. Are gutxiago, hasiberriak garenok. Hala, kontserbatorioko musikari batzuekin berba egin, eta banda sortzea erabaki genuen. Musikariek badute eskarmentua zuzenekoetan, baina niretzat lehen aldia da".
Hiru poema sinfoniko prestatu dituzte domekarako.