Bigarrenez banatu dute txokolate beroa Aizkorrin urte zaharrari agur esateko eta berriari kaixo, eta arrakasta izan du. 200 litro esne eta 40 kilo txokolate eraman zituzten eta abenduaren 31an, txokolate dena erabili zuten; eta dena banatu zuten. Urteberri egunerako 25 litro esne gelditu zitzaizkien bakarrik eta txokolate gehiago erosi eta eraman zuten litro horiekin txokolate bero gehiago eskaintzeko. Eguerdirako ez zen ezer gelditzen. "Nahiz eta urteberri egunean Gabon zaharretan baino jende gutxiago joaten den, prestatu genituen litro guztiak 12:00etarako gastatu ziren. Haizea indartsu zebilen eta jendeak gustura hartu zuen", dio Aritz Altubek, ekimenean parte hartu duen kideetako bat.
Aizkorri Bizirik taldearen ekimenez egin dute aurtengo txokolate banaketa ere. Borondatearen truke eskaini dute goiz bi horietan txokolate beroa Aizkorrin eta batutako dirua, Zaporeak elkarteari emango diote. Batu duten kopurua zenbatekoa izan den ez dute jakitera eman baina "oso ondo" joan zela adierazi dute antolatzaileek: "Joan den urtean baino hobeto joan da aurtengoa, txokolatearen kostua kendu behar izan diogu bakarrik batutakoari, esnea Lacturale-k eman digu eta edalontziak Betik-ek. Beste dana, bere osotasunean, Zaporeak elkartera joango da. Jendea oso ondo portatu da, oso eskuzabal. Bi egunetan txokolatea bukatu denean ere eta dena jasotzen genbiltzala, etortzen ziren azkenek dirua bota zuten potera, eta guk ezin txokolaterik eman".
Argazkiak: Aizkorri Bizirik eta Goiena.