Oñati abesbatzako kideek elkartasun ukitua eman gura izan diote aurtengo Gabonetako kontzertuari. Zapatuan izango da emanaldia eta jasoko duten dirua Esku Hutsik elkartearendako izango da. Esku Hutsik gurasoek sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da, haur baten haurdunaldi edota jaioberrien heriotzagatik dolua bizi izan duten edo bizitzen ari diren familiei laguntza ematea helburu duena.
Mirengu Plazaolak zuzenduko du emanaldia eta kutsu erlijioso eta profanoa duten abestiak eskainiko dituzte. Doan izango da baina borondatea eskatuko dute eta hor jasotako dirua izango da, hain zuzen ere, Esku Hutsik elkartearendako. Kontzertua zapatuan da, 20:15ean, agustindarren elizan.