Santa Ana antzokian egin zuten Ganbara Kantu Eskolaren ibilbide oparoaren errepasoa. Kantuan egiteaz gain, urte hauek eman dutena gogoratu nahi izan zuten.
Bi hamarkada igaro dira Ganbara Kantu Eskolak bere ibilbidea hasi zuenetik, eta Aitor Biain, zuzendariak, pasa diren pertsonak gogoratu nahi izan zituen: "500 pertsona inguru izan dira hemen kantuan hasi direnak, eta hogei urte hauetan gauza asko egiteko aukera izan dugu". Gainera, kontzertuak emateaz gain beste hainbat gauza ere egin dituztela nabarmendu nahi izan zuen Biainek: "Ipuin musikatuak egin ditugu, musikalak, diskoak grabatu, bidaiatu, lehiatu, sariak ekarri... hogei urte hauek oso aberatsak izan dira".
Aurretik koroaren parte izandako kideak igo ziren oholtzara, gaur egungo kideek kide ohiekin batera hainbat kantu abestu zituzten. Gala-kontzertuaren helburu nagusia hunkigarria izatea izan dela adierazi zuen zuzendariak, azken hogei urtetako abesti ezberdinak tartekatuz. "Egindako ipuin musikatu baten kanta. Cubanita, EITBn egon ginenean ezagun egin gintuen pieza", eta beste hainbat kantu eskaini zituzten.
Emanaldiari amaiera eman aurretik esker onak eskaini zizkieten modu batera edo bestera Ganbara Kantu Eskolaren parte izan diren guztiei: "Gaurko eskerrak oñatiarrei, eta batez ere, gure gurasoei zuzenduta joan dira. Bigarren hauen esku-hartzea ezinbestekoa izan baita".
Abesbatzen beherakada
Gaur egun, abesbatzek bizi duten errealitateaz hitz egin zuen Biainek. Hasierako urteetan ehunka umek parte hartzen zutela azaldu zuen, orain, ordea, egoera ez da berdina. Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak egindako ikerketa batek, haur eta gazteen koruak desagertzen ari direla dio. "Momentu honetan egoera ez da oso ona taldeentzako" esan zuen Biainek.