Moriarti Produkzioak ekoiztetxeak jasoko du 2025eko Urrezko Danborra, "egindako ibilbide luze eta laudatuagatik, euskal zinema estatuko eta nazioarteko zinemaren erreferentetzat jarri duelako", Donostiako Udalaren hitzetan. Hala ere, erabaki hori hartzeko, Donostiako herritarrek proposatutako beste 97 hautagaitza aztertu behar izan dituzte, eta tartean ziren, besteak beste, Bruce Springsteen, Amaia Montero, Leire Martinez eta Fermin Muguruza musikariak, eta Johnny Deep aktorea.
Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi –oñatiarra da– zinemagileek osatzen dute 2001ean sortutako Moriarti Produkzioak ekoiztetxea, eta askotariko formatutan ekoiztu ditu ikus-entzunezkoak urte hauetan guztietan: film luzeak, dokumentalak, film laburrak eta telesail bat. Are gehiago, nazioartean hainbat sari jaso dituzte euren lan batzuek –Handia, Loreak, La trinchera infinita...–; bada, honako hauek nabarmendu ditu Udalak: "12 Goya sari eta 31 izendapen; Espainia Oscar sarietan ordezkatzeko bi hautagaitza; Epaimahaiaren Sari Berezia Donostiako Nazioarteko Zinemaldian, baita zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, gidoi onenaren saria eta FIPRESCI saria ere; film onenaren Forque saria; EFA sari bat; Platino sari bat; eta film onenaren Sant Jordi saria".