Bera Bera eta Zuazo taldeetako ordezkariak harrituta geratu ziren martitzenean Zubikoako harmailetan izan zuten giroarekin, eta aitortu zuten ligako partiduetan etxean jokatzen dutenean ere ez dutela harmailetan halako jendetzarik izaten. Izan ere, oñatiarrek ostera ere erakutsi dute herrian zelako eskubaloi zaletasuna dagoen, eta lehenengo mailako bi talde aurrez aurre ikusteko aukera ez dute alferrik galdu nahi izan. Harmailetan zutik ere ez zen jende gehiagorik sartzen. Nahiz eta jokalari internazionalak Europako Txapelketan egon, kantxara salto egin zutenek ikuskizun polita eman zuten, eta indarrak parean egon ziren partidua ikusi zuten zaleek. Zuazo gailendu zen, 30-32, bereziki Bera Berako taldean aldaketa dezente izan zituzten partiduan.
Eskola Kirolekoendako oparia
Norgehiagoka hasieran, Bera Berako eta Zuazoko jokalariak Oñatiko Eskola Kiroleko eskubaloi jokalariekin kantxaratu ziren, eta atsedenaldian, gainera, elkarren kontra partidutxoa egin zuten: "Oso pozik geratu gara, eta gure jokalari gazteendako momentu berezia izan da, seguru. Harmailak goraino bete dira eta klubak egin duen lanak merezi izan du. Bera Berako eta Zuazoko ordezkariak ere pozik geratu dira, lagunartekoak eman duenarekin eta harmailetako babesarekin; horrenbestez, balorazioa oso positiboa da".