Urbasara joango dira urteko azken mendi irteeran

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko abe. 9a, 18:30

Hirugaitzeta begia, Nafarroan (Argazkia: Aloña Mendi)

Arrakasta izaten dute mendi sailak antolatzen dituen irteerek, eta azkar betetzen da autobusa; parte-hartzaileen taldea bera egonkortu egin da denborarekin. Domekan egingo dute urteko azkena, eta elkarrekin bazkalduaz agurtuko dute urtea.

Urtarrilean egin zuen urteko lehen mendi irteera Aloña Mendiko mendi sailak, eta hilaren 15ean, domekan, Urbasara egingo dutenarekin itxiko dute aurtengo egutegia.

Talde egonkorra

Denborarekin, egonkortu egin da ohitura. Baita eguna eta parte hartzen dutenen taldea ere. Hileko hirugarren domekan izan ohi dira, eta 60 bat laguneko taldea finkatu da. "Autobusa jartzen dugu irteeretara joateko, eta 40 lagunendako tokia egoten da. 60 bat dira ohikoen taldean, eta autobusa bete egiten da beti; azkar, gainera, batzuetan. Lagun taldea osatzen dute dagoeneko parte-hartzaileek, bai", dio Aloña Mendiko mendi saileko Mikel Oterok. Irteerek arrakasta dutela gaineratu du, eta inguruko herrietakoak ere joan izan direla batzuetan: "Horrelakoetan, Oñatin federatuta daudenei ematen diegu lehentasuna".

Urtean hamar irteera egiten dituzte, eta, horrez gain, zeharkako eskian ibiltzeko beste bat, gutxienez. Horietan plaza gutxiago egoten dira, 20 edo 22, aterpetxearen arabera, eta bete egiten dira horiek ere. "Adinari begiratuz gero, 40 eta 65 artekoak dira parte-hartzaile gehienak. Egia esan, oso pozik gaude, jendeak estimatu egiten ditu-eta txango horiek. Hori bai, jarraitzeko moduan gauden arren, ongietorria izango da laguntza".

Urbasara domekan

Nora joan pentsatzeaz mendi saileko taldekide batzuk arduratzen dira gehienetan, baina parte-hartzaileek eurek ere proposatzen dituzte irteerak: "Egi- ten ditugunetatik, bat edo bi eurek proposatutakoak izaten dira. Saiatzen garena da mendian ibiltzeko ohitura duen edonork egiteko modukoak izaten txangoak: hamalau bat kilometrokoak, lurzoru egokitik eta 800 metro baino desnibel handiagorik ez izaten, adibidez".

Urteko azkena Urbasa aldera egingo dute, hilaren 15ean, eta, ohitura duten moduan, elkarrekin bazkalduaz emango diote amaiera urteari. Hilaren 12a da izena emateko azken eguna: alonamendi.mendi@gmail.com. Dagoeneko egin dute lehen bilera hurrengoak prestatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak