Hainbat neska gaztek salatu dute euskal komunikabide ezberdinetan ezaguna den mutil gazte bat "erasotzailea" dela. Izenik eman gabe, zehazten dute oñatiarra dela, eta umore arlotik bakarrizketa zein show ezberdinak gidatu dituela, programa propio bat lortu arte.
Salaketa X sare sozialeko @bukatu_da_show-a kontuan argitaratu dute lehenengo, eta Oñatiko Bargastak taldeak bere Instagram kontuan partekatu du ostean. Argitalpenean diote "erasotzaileak karisma eta babes sozial handia" duen arren, hori "txanponaren alde bat besterik ez dela". "Toki ezberdinetako neska gazteak hori salatzeko antolatu, eta salaketa publikoa egiteko helburuz sortu dugu kontu hau", diote mezuan. Zehaztu dute ez dela eraso bakarra izan eta asko direla gizon horren "eraso fisiko, sexual, psikiko eta berbalak" jasan dituztenak. Erasoek denboran iraun dutela gaineratzen dute, eta "ugaritu" egin direla
"Egoera honek ezin du isilpean jarraitu eta neurriak edota erantzukizunak hartu behar dira", diote salaketan, eta erasorik berriz ere ezin dela gertatu esateaz gain, diote ez dutela emakume gehiago arriskuan egon dadin nahi: "Gure artean antolatu gara, babestu eta zaindu gara; zu ere erasotua izan bazara, jakin babestuko zaituen sare bat badagoela".
Hala, erasoen aurren autodefentsa feministarako deia egin dute.
EITBren erabakia
Salaketa publiko egin denean, EITBk jakinarazi du bertan behera utzi duela, "kautelaz", bere edukietako baten ekoizpena eta emisioa. Hedabide publikotik adierazi dute erabaki hori hartu dutela ikus-entzunezko edukiak egiten dituen ekoiztetxe batek jakin duelako taldeko kide baten aurka eraso sexistak salatu direla: "EITBk programa horren produktore arduradunarekin koordinatuta hartu du kautelazko neurri hori, gertakariak argitu eta dagozkion protokoloak aplikatu arte". "EITBk gaitzespen eta zero tolerantzia jarrera du emakumeen duintasunaren eta eskubideen aurka doan edozein portaeraren aurrean", gaineratu dute.