Usakoraino helduko den bidegorria egiteko proiektua behin betiko onartzea, onura publikotzat deklaratzea eta hori egina ahal izateko beharrezkoak diren lursailen desjabetzeen prozesua behin betiko onartzea zen atzo, eguena, Oñatiko udalbatzak egin zuen azaroko osoko bilkurako gaietako bat. Aho batez onartu zuten gaia.
Horrez gain, Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin hitzarmena egitea ere onartu zuen, diru laguntza emateko, eta laguntza hori 2025eko aurrekontuetan sartzea. Bestalde, Azaroak 25 eta Abenduak 3 egunei lotutako adierazpenak ere irakurri eta onartu zituen udalbatzak. Adierazpen bateratua zen emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunari lotutakoa eta aho batez onartu zuten. Udalak indarkeria matxistak gaitzesten dituela jasotzen du testuak, besteak beste: "Udalok gaitzespen irmoa adierazten dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean, eta beste erakunde batzuekin, mugimendu feministarekin eta gizarte osoarekin modu koordinatuan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu". Baita konpromiso batzu hartu ere, horien artean hezkidetzaren bitartez gaia lantzea eta "gure herrian, euste-horma kolektiboa aktibatzea".
Euskararen Egunari lotutakoa, UEMAk kaleratutako idatzia aurkeztu eta irakurri zuten eta EAJren abstentzioarekin onartu. Jeltzaleek azaldu zuten Jaurlaritzak eta UEMAk biek sinatutako beste agiri bat ere jaso zutela eurek eta UEMAkoan abstenitzea erabaki zutela. Onartutako agiriak jasotzen du, besteak beste, "inoiz baino gehiago, euskararen aldeko neurriei tinko" heldu behar zaiela.