Erretiro prozesuek, ondorengotzarik ezak, jabeen nekeak eta abarrek eragiten dieten Debagoieneko enpresen jarraipen eza kasu ugari identifikatu ditu Bailara elkarteak egindako ikerketa batek eta datu horietan oinarrituta antolatu du atzo egin zuten Enpresen transmisioa eta jarraipena izeneko jardunaldia Oñatin. Debagoieneko eta kanpoko enpresariek hartu zuten parte.
Koro Otegik –Gipuzkoako Merkataritza Ganbera–, Oihana Agirrek –Debagoieneko Garapen Agentziaren 'Geroa bermatuz' ekimena– eta Asier Martinek –Mecanizados de Precisión Belmek– hartu zuten hitza hasieran, bakoitzak bere esperientzia eta ikusi dituzten egoerak azalduaz. Merkataritza Ganberako eta Debagoieneko Garapen Agentziako ordezkariek dituzten zerbitzuak edo laguntzak ere azaldu zituzten eta bere esperientzia propioaz jardun zuen Martinek.
Zergatik da arazoa transmisioa? Zergatik ez dago jarraipenik? Noiz da momentu ona enpresa bat sortzeko edo erosteko? Adina, esperientzia... dira kontutan hartu beharreko aldagaiak, edo ez du zertan holan izan behar? ... Horrelako galderak entzun ziren jardunaldien amaieran izandako tertulian, eta bakoitzak bere ikuspegitik erantzuten zituen asko, bere esperientziatik edo ikasitakoagatik.
16:00etatik 18:00etara izan zen jardunaldia eta emaitzarekin gustura gelditu ziren Bailarako ordezkariak. "Parte-hartzea handia izan da eta hori aberasgarria da. Ondo joan da jardunaldia, bai".