Maila goreneko eskubaloia Zubikoan, martitzenean

Xabier Urtzelai 2024ko aza. 30a, 09:00

Bera Berakoak eta Zuazokoak, Zubikoan, 2012an jokatutako lagunartekoan.

Egunotan jokatzen dabiltzan Europako txapelketak etena ekarri du Guerreras Iberdrola ligara, eta Aloña Mendikoek hutsarte hori baliatu dute puntako bi talde ubikoara gonbidatzeko, Super Amara era Zuazo (martitzena, 19:30).

Datorren martitzenean, abenduak 3, maila goreneko bi talde aurrez aurre izango dira Zubikoan (19:30, sarrera doan). Lurraldeetako selekzioak Suitzan, Austrian eta Hungarian jokatzen dabiltzan Europako Txapelketan daude, eta horrek etena ekarri du liga nagusietara.

Aloña Mendiko presidente Iñaki Mendarozketak dio ez dela halako lagunarteko bat antolatzen duten lehenengo aldia: "Egia esan behar badut, hasierako asmoa ez zen maila horretako lagunarteko bat Oñatira ekartzea, Imanol Alvarezekin harremanetan jarri ginenean gure asmoa gehiago zen klubeko entrenatzaileendako ikastaro moduko bat antolatzea". Baina Bera Berako entrenatzaileak bestelako aukerak ere eskaini zizkien, eta halaxe sortu zen Iberdrola ligako euskal taldeen arteko partidua antolatzea. Gainera, egutegiaren kapritxoak... Europako Txapelketa amaitu eta liga berrabiarazten duten momentuan bi talde horiek aurrez aurre izango dira, eta orduan bai, puntu garrantzitsuak izango dituzte jokoan. "Halaxe da; abenduaren 20an Zubikoan izango ditugun bi taldeek elkarren kontra jokatuko dute Iberdrola ligan, eta horrek ere interesgarriago egiten du Zubikoako partidua".

Harmailak betetzeko nahia

Oñatiko hitzorduak balioko du bi taldeetako jokalariek ligako erritmoa ez galtzeko, baina ez horrenbeste urte amaierako euskal taldeen arteko partidua prestatzeko; bereziki, Espainiako hautatzaile Ambros Martinek Bera Berako hainbat jokalari –Lyndie Tchaptchet, Anne Erauskin, Carmen Arroyo eta Elba Alvarez– eraman ditu-eta selekzioarekin; horrek zaildu egingo du martitzeneko partidutik ondorioak ateratzea. Bistan dagoena da bi taldeen artean jauzi nabarmena dagoela: Bera Berakoak ligan hirugarren daude –zortzi garaipen– eta Barakaldokoek partidu bakarra irabazi dute. Mendarozketak, baina, ikuskizun polita izango dela aurreikusten du: "Ea harmailak betetzen ditugun; aste barruan jokatzea, akaso, ez da zaleendako egunik aproposena, baina talde horien agenda oso estua da, ez zegoen beste aukerarik. Alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkiot Udalari eta baita Zubikoako langileei ere, proposamena egin genuenean erabateko prestutasuna erakutsi digutelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak