Rapa eta inprobisazioa uztartuko dituzte gaur Antixena gaztetxean

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko aza. 29a, 10:29

Aissa Intxausti, joan den urtean Arrasateko gaztetxean egin zen kanporaketa saioan.

Rapa eta inprobisazioa uztartuz euskal presoen etxeratzea eskatzen duen All in Da House freestyle txapelketako kanporaketa bat egingo dute gaur Antixena gaztetxean. Sei gazte lehiatuko dira, eta DJ baten musikarekin gainditu beharko dituzte 'batailak'.

All In Da House freestyle txapelketako kanporaketa bat jokatuko da gaur, hilak 29, Oñatiko Antixena gaztetxean. Hiru kanporaketa eta finala ditu txapelketak –Gernikako Astra aretoan jokatu da lehenengoa eta 30ean izango da Hendaian hirugarrena–, eta bigarren kanporaketa da Oñatin egingo dutena; finala Gasteizen izango da, urtarrilaren 25ean.

Puntuazio bidez

Rapa, bat-batekotasuna, musika, euskara zein sormena biltzen dituen txapelketa da All In Da House. Oñatiko saioan sei lagunek hartuko dute parte, eta beste bat egongo da musika jartzen. Musika horri jarraituz inprobisatuko dute gero sei lehiakideek, rap estiloan. Saioan hiru epaile eta aurkezle bat ere egongo dira, eta azken horrek jarritako egoera, aipatutako hitza edo erakutsiko dien objektua izango da lehiakideendako gaia; bertso saio baten antzekotasuna du horretan freestyle txapelketa horrek. "Kanporaketako saio horrek bataila edo ariketa bat baino gehiago izango ditu, eta epaileen lana izango da bakoitzak ariketa bakoitzean egiten duen lana puntuatzea", diote antolakuntza taldekoek.

PAULA AMILBURU
'PAULA' ETA URKO
ARREGI 'KORTXELO'
DIRA ARITUKO DIREN
LEHIAKIDEETAKO BI

Lagunarteko lehia

Sei gazte lehiatuko dira Oñatiko kanporaketan; haien artean, Paula Amilburu Paula aramaioarra eta Urko Arregi Kortxelo oñatiarra. Lehenbiziko aldia izango da Kortxelo-rendako: "Txapelketa izenarekin dator, baina lagunarteko saioa izango da, eta horrek eta Oñatin izateak animatuta ausartu naiz parte hartzera". Saioak jendea erakarriko duen susmoa ere badu: "Badago jendea rapa gustatzen zaiona; horrelako saio askorik ez da egoten, eta uste dut jendea joango dela, bai". Saioaren aurkezlea eta epaimahaia osatuko duten hiru lagunak ere oñatiarrak izango dira.

Oñatiko kanporaketa azaroaren 29an izango da, gaztetxean. 21:00etan hasiko da eta sarrera borondatearen truke izango da. Amaitutakoan, baina, jarraitu egingo du festak gaztetxean, DJ Bolatxas oñatiarraren eskutik.

Bederatzigarrena

Gasteizen du sorrera freestyle txapelketa horrek. 2016an egin zuten lehendabiziko aldiz, Ekaitz In Da House izenarekin, Ekaitz presoaren etxeratzea eskatzeko. Hura aske geratu ostean, Ekaitz Is In Da House izena hartu zuen, eta 2021a ezkero All In Da House izenarekin jarraitu dute antolatzen, euskal preso guztien etxeratzea aldarrikatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak