EHUko Ikerketa errektoreordea izango da Jon Umerez oñatiarra, printzipioz, datozen sei urteetan, Joxerramon Bengoetxeak gidatutako taldeak errektoretzako hauteskundeak irabazi ondoren. Hain zuzen ere, Filosofian lizentziaduna da Umerez, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta doktorea, berriz, EHUn, Sari Bereziarekin. EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko ikertzaile titularra eta irakaslea da egun, eta, horrez gain, hainbat artikulua eta liburu-kapitulu argitaratu ditu; doktore-tesiak zuzentzen ere aritu da urtetan. Are gehiago, sariren bat edo beste ere irabazitakoa da: esate baterako, sari bat eskuratu zuen CAF-Elhuyar zientzia-dibulgazioko lehiaketan.