Ana Maria Zubiaga izendatu dute Jakiundeko presidente, Arantzazun egindako bilkuran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko aza. 22a, 16:06

Jakiundeko presidente Ana Maria Zubiaga, gaur, Arantzazun. Argazkia: Jakiunde.

EHUko genetika arloko katedradun Ana Maria Zubiaga (Forua, Bizkaia, 1959) izendatu dute Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren akademiako lehendakari berria. Zubiagaren zereginetan lagunduko dioten mahaikideak ere hautatu dituzte gaur Arantzazun egindako Osoko Bilkuran. Eta Akademian hamar kide berri sartzea ere onartu da.

Jakiundek gaur, hilak 22, egin du Udazkeneko Osoko Bilduran eta bertan erabaki dute Ana Maria Zubiaga izango dela hemendik aurrera erakundeko lehendakaria. EHUko Genetika katedraduna da Zubiaga, eta bere ikerketa-eremua minbiziaren biologiaren eta genetikaren elkargunean kokatzen da.
Jakiundetik azpimarratu dutenez, nazioarteko ikertzaile-taldeekin aktiboki lankidetzan aritzen den ikerketa-talde bat sendotu du eta hainbat erantzukizun instituzional izan ditu EHUn eta nazioarteko hainbat programatan, baita nazioarteko aldizkari zientifikoetan berrikuslea eta GENES aldizkariaren editore gonbidatua ere. 60 artikulu baino gehiago argitaratu ditu, gehienak biologia molekular eta genetikoaren arloan eragin handia duten aldizkarietan. 3.900 zitazio baino gehiago jaso ditu eta 17 doktorego tesi eta master amaierako 27 lan baino gehiago zuzendu ditu.

Kide berriak

Zubiagari bere zereginetan lagunduko dioten mahaikideak ere hautatu dituzte Osoko Bilkuran eta Akademian hamar kide berri sartzea onartu da.
Eneko Agirre eta Maria Jose Olaziregi dira kide berrietako bi. Agirre informatikako doktorea da eta ELLIS erakundea zuzentzen du. Olaziregi Euskal Literaturako katedraduna da eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izan zen 2010-2016 aldian.

Gainera, kide urgazleen kategorian sartuko dira Xabier Barandiaran, Zientzia biologiko, kognitibo eta sozialen filosofoa eta EHUko irakaslea eta ikertzailea; Edurne Bartolome, Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea; Martin Llade, kazetaria, musika sortzailea eta idazlea; eta Jon Mikel Zabala, Ingeniaritza eta Berrikuntza Proiektuetan doktorea. Irakasle titularra 2015etik Deustuko Unibertsitatean.

Kide urgazlea gazteak bilakatu dira Barbara Jimenez filosofo, irakasle eta ikertzailea, Darwinen lanaren analisi semantikoan espezializatua; Jon Lopez Gorostidi Ekonomia eta Enpresa Zuzenbidean doktorea, Fakultateko idazkariordea eta Deustuko Unibertsitateko Zuzenbideko graduaren koordinatzailea; eta Irene Gantxegi Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko eta Kulturarteko Harremanetan doktore, irakaslea eta ikertzailea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak