Enpresen transmisio eta jarraipenaz hausnartzen

Gontzal Belategi Zubia 2024ko aza. 22a, 09:00

Bailara Enpresa Elkarteko kideak Garaia Parke Teknologikoan. Argazkia: Bailara

Enpresen transmisioa eta jarraipena jardunaldia egingo du Bailara Enpresa Elkarteak azaroaren 28an, Oñatin. Negozioa transmititu zein enpresa baten erreleboa hartu nahi dutenei bideratuta egongo da.

Bailara Enpresa Elkarteak Enpresen transmisioa eta jarraipena jardunaldia egingo du azaroaren 28an, Oñatiko udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 16:00etan hasita. Elkartetik adierazi dutenez, parte hartzeko izena aurrez eman beharko da, irati@bailara.eus helbidera mezu bat bidaliz. Bailarak adierazi duenez, negozioa transmititu nahi duten jabeei eta dagoeneko existitzen den enpresa baten erreleboa hartu nahi duten ekintzaileei bideratuta egongo da jardunaldia.

Negozioak transmititzearen zailtasuna

"Bailara enpresa elkarteak duela gutxi egindako ikerketa bati esker, erretiro prozesuek, ondorengotzarik ezak, jabeen nekeak eta abarrek eragiten dieten Debagoieneko enpresen jarraipen eza kasu ugari identifikatu ahal izan ditu", azaldu dute enpresa elkartetik. "Jarraikotasun huts horrek" zenbait kasutan enpresa ixtea eragin dezakeela adierazi dute, "enplegua eta aberastasun ekonomikoa eta soziala galduaraziz".

Hori dela eta, Bailarako kideek "transferentzia prozesuak erraztu behar direla" uste dute, "enpresa jarduera bideragarriak eskuratuz, bai ekintzaileek, bai egungo negozioa dibertsifikatu nahi duten enpresek". Transferentzian kudeatzea konplexua izan daitekeela uste dute, hainbat faktore hartu behar direlako kontuan: "Negozioaren benetako egoera, enpresaren balorazioa, egon daitezkeen gizarte eta lan zamak, eta abar". Testuinguru hau izan omen da jardunaldia antolatzera bultzatu dituena.

Egitaraua

Lau zati izango ditu jardunaldiak. Bailara Enpresa Elkartearen aurkezpenarekin hasiko dute jardunaldia. Ostean, Gipuzkoako Merkataritza Ganberako Enpresa Jarraipeneko Zerbitzuaren aurkezpena egingo du Koro Otegik. Oihana Agirrek Debagoieneko Garapen Agentziaren Geroa bermatuz ekimenaren aurkezpena egingo du jarraian. Jardunaldia amaitzeko, Asier Martínek Mecanizados de precision Belmek kasu praktikoa aurkeztuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak