Zapatekin arnas ipuina aurkezten aritu dira azken hilabeteetan Potx eta Lotx pailazoak, baina, proiektua martxan jarri ahal izateko, diru bilketa abiatu zuten; bada, jakinarazi dutenez, lana diruz laguntzeko azken egunak dira, astelehenera arteko epea baitago horretarako. Gutxienez, 1.500 euro eskuratzea dute helburu, eta, lerro hauek idazteko unean, 860 euro zituzten lortuta.
Itsulapikoa.eus atarian egin daiteke, hain zuzen ere, diru ekarpena, eta, jarritako diru kopuruaren arabera, sei sari zehaztu dituzte:
- Lehenengo saria, 20 eurotan: Zapatekin arnas ipuina.
- Bigarren saria, 30 eurotan: Zapatekin arnas ipuina eta memoria jolasa.
- Hirugarren saria, 40 eurotan: Zapatekin arnas ipuina, memoria jolasa eta kamiseta bat.
- Laugarren saria, 50 eurotan: Zapatekin arnas ipuina, memoria jolasa, kamiseta bat eta euren dokumentala.
- Bosgarren saria, 60 eurotan: Zapatekin arnas ipuina, memoria jolasa, kamiseta bat, euren dokumentala, eta Potx eta Lotxen bideo pertsonalizatu bat, nahi den pertsonari zuzenduta.
- Seigarren saria, 150 eurotan: Zapatekin arnas ipuina, memoria jolasa, kamiseta bat eta ikuskizun egun bat barrutik bizitzeko aukera.
Ipuinari dagokionez, Alaia Martin idazle eta bertsolariak idatzi du, eta Mirari Sagarzazu ilustratzaile oñatiarrarenak dira ilustrazioak. Hala, "pailazoaren balioak oinarri dituen lan bat" egin nahi izan dute, Potx eta Lotx pailazoek euren bizilagun "bereziekin" bizitako abenturak kontatuta: "Potx eta Lotx beti daude irribarre batekin; bizilagunak, ordea, beti bekozko ilunarekin. Zein da horretarako pailazoen sekretua?".