20 indarkeria matxista kasu artatu zituzten Oñatin 2022an

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mar. 1a, 17:38

Artatutako kasuen datuen taula (Iturria: Koordinazio protokolo mahaia).

Oñatiko indarkeria matxistaren arretarako instituzio arteko koordinazio protokoloaren mahaiak emandako datua da. Aurreko urteekin alderatuta, gorakada nabarmena izan da.

2023ko otsailaren 21ean bildu zen Oñatiko indarkeria matxistaren arretarako instituzio arteko koordinazio protokoloaren mahaia. Udaletik,  berdintasuneko, gizarte zerbitzuetako zein Udaltzaingotzako ordezkari teknikoek eta udaleko politikariek hartu zuten parte bileran. Eta, eurez gain, Ertzaintzako eta Osasun zentroko ordezkariak izan ziren. 2022ak utzitako datuen irakurketa partekatu zen bilera horretan, eta 2023 urterako erronkak finkatu zituzten.

Datuei erreparatuta, Oñatin 2022 urtean, 20 indarkeria matxista kasu berri artatu zirela jakinarazi du koordinazio protokoloaren mahaiak. Gaineratu du profilak askotarikoak badira ere, gero eta emakume gazteagoak direla indarkeria matxistaren aurrean laguntza eskatzea erabakitzen dutenak.

Baliabide eskasia

Datu horrez gain, oharrak dio laguntza eskaeren eta salaketen gorakadaren aurrean, agerian geratu dela baliabide falta: "Emakumeen arretaz arduratzen diren langileek gero eta eskaera handiagoari erantzun behar diote, pertsonal falta nabarmentzen da instituzio ezberdinetan, eta gainezka daude emakumeek eskura dituzten zerbitzuak. Horren adierazle da, arreta psikologikoan eskualde mailan dagoen egoera larria: deribazioak kolapso egoera batean aurkitzen dira, itxaron zerrenda luzeekin, eta egoerak noiz arte iraungo duen jakin gabe". 

Oñatiko Udakak egoera hori salatu du: "Oñatiko Udaletik egoera hau salatu nahi dugu, eta dagokien instituzioei dei egiten diegu, beharrezko diren baliabide guztiak jar ditzaten indarkeria matxista jasaten duten emakumeen eta haren seme alaben eskura".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak