Antzerki laburren saio bat antolatu du liburutegiak biharko. Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktore ezagunek antzeztuko dituzte; bakarrizketa saio bana egingo dute. Txizatoki bat eszenatokian du izena Telleriaren lanak, hark idatzi eta antzeztutakoa. Mikel Martinezek egingo duena, berriz, 2022an Cafe Bilbao antzerki saria irabazi zuen Lutxo Egiaren Hamalau antzezlana da.
Umoretik landutako gaiak agertzen dira bietan, liburutegiko arduradun Arantzazu Ibarrondok adierazi duenez: "Jarduera hori antolatzean, liburutegiaren helburua gure programazioan literatur genero bat sartzea da; antzerkia, hain zuzen ere. Genero hori liburutegiko bilduman dago, baina askok ez dute aintzat hartzen. Patxok eta Mikelek antzezlanak argitaratu dituzte eta sorkuntza eta eszenaratze prozesu osoa ezagutzen dute. Antzeztuko diren obrek gauza asko birplanteatzera garamatzate. Beti umoretik, baina begirada kritikoarekin".