Baltzardi taldeak irabazi du Oñatiko 15. Laburmetrai Rallya

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko aza. 17a, 11:22

Hemezortzi taldek hartu dute parte aurtengo edizioan, eta 131 parte-hartzaile izan dira guztira; antolatzaileen hitzetan, gainera, urte honetan "dezente" igo da lanen maila teknikoki. Gaiari dagokionez, erreleboa izan da, eta lekukoa, berriz, gogoan izan beharreko objektua.

Baserri munduaren erreleboan jarri dute arreta, hain zuzen ere, Baltzardi taldeko partaideek, eta eurentzat izan da lehenengo saria, Kateak lanarekin. "Ez genuen horrelakorik espero, maila handia ikusi baitugu. Ideia garatzeko denbora gutxi dago, eta berandu hasten gara grabatzen, baina saiatzen gara kritika soziala lantzen eta gure lanarekin gustura gelditzen", adierazi du Mikel Serratok, taldeko kideetako batek; harekin batera, Uxue Anduagak, Eñaut Uribesalgok, Maite Agirrek, Begoña Urrestarazuk eta Amaia Martinez de Arenazak osatu dute taldea.


Baltzardi taldearen 'Kateak' lana.

Bigarren sariari dagokionez, Dwingi Dwingi eta LPM taldeendako izan da: laneko erreleboa aintzat hartuta, talde bakoitzak laburmetrai bana egin du, baina bataren istorioa lotuta dago bestearenarekin. "Sekulakoa izan da bigarren saria jasotzea. Gaur, gainera, bi taldek egin dugu elkarrekin, eta esperientzia ezberdina izan da: azken finean, bi laburmetrai dira, bi aldiz grabatu behar izan ditugu gauza batzuk, baina oso ondo pasatu dugu; gustura gaude eginiko lanarekin".

Azkenik, The Pus Brothers taldearentzat izan da hirugarren saria, xake partida baten bidez irudikatuta erreleboa. "Sorpresa ikaragarria izan da sari hau jasotzea, aurkeztutako lanen mailan igoera handia egon baita. Azken lau urteotan biok batera gabiltza lanean, bi anaiok, eta ahal izanez gero, horrela jarraituko dugu aurrerantzean ere".

Bestelako sariak

Interpretazio onenaren saria ere banatu dute, eta Jon Ander Kortabarriak eskuratu du, Dwingi Dwingi taldeko kideak; publikoarena, berriz, Abendaño Films eta Hulia Gora Zinemarendako izan da. Antolakuntzaren sari bereziari dagokionez, Fraka Motzak Onenak Die taldeak irabazi du. Bestalde, antolatzaileek ez ezik parte hartu zuten hainbat taldek eta lagunek izan zuten gogoan Aritz Oianguren Martinez Mak.

Hemen dituzue lan guztiak ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak