Osasun mentala izan da hizpide, asteon, Oñatiko kultura etxeko zinema-aretoan; izan ere, Aloña Mendi kirol elkartearen 75. urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekintzetako bat izan da eguaztenean egin zuten solasaldia: Bihotza ala burua? Hain justu, galdera horren bueltan ibili ziren solasean Malen Osa, mendi korrikalaria eta Aloña Mendiko kirolari ohia; Iñaki Igartua, kirol egokituko kirolaria eta Aloña Mendiko kirolari ohia; eta Uxue Otxoa, errendimenduaren eremuan espezialista den kirol psikologoa; Eneko Azurmendi kazetariak egin zituen moderatzaile lanak, eta solasaldira bertaratu ziren ikus-entzuleek ere izan zuten galderak eta ekarpenak egiteko tartea. Osasun mentalaren gaia bada azken urteetan pil-pilean dagoenetako bat, eta, besteak beste, kirola izan da gai horren lanketa egin behar izan duen esparruetako bat. Kirolaz jardun zuten solaskideek, baita buruaz ere, eta azaldu zuten nork bere esparruan osasun mentalaren gaia nola lantzen duen eta egoerak azken urteetan izan duen bilakaera nolakoa izan den.
Tabua izan ez dadin
Solasaldian hitz egiten ibili zirenek behin baino gehiagotan aipatu zuten osasun mentalaren gaia "gai tabu bat" izan dela orain arte, eta gaur egun ere, askotan, izaten jarraitzen duela. Otxoaren arabera, "pandemiaren ostean, eta kirolari dagokionez, Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan" areagotu zen gaiaren bueltan hitz egiten dutenen kopurua, eta gaur egun osasun mentalari tokia ematea "oso garrantzitsua" dela aitortu zuten Osak, Igartuak eta Otxoak, "gaiak tabu izateari utz diezaion".
Aretoa, ia beteta
Gaiak askorako ematen duela erakutsi zuten kultura etxeko zinema-aretora bertaratu zirenek; izan ere, aretoa ia guztiz bete zen, eta solaskideek ere eskertu gura izan zuten aulkietan eserita zeudenen parte hartzea. "Pozgarria da aretoa beteta ikustea eta herrian osasun mentalaren gaiaren bueltako mugimendua egotea", adierazi zuten protagonistek.
Azken hitzordua
Bihotza ala burua? solasaldia eginda, hitzordu bakarra gelditzen da 75. urteurreneko egitarauari amaiera emateko. Hain justu, azaroaren 30ean izango da, eta material bilketa solidarioa egingo da Larrañako egoitzan dauden errefuxiatuei laguntza eskaintzeko –11:00etatik 14:00etara bitartean egingo da bilketa, herriko plazan–. Amaieran, merchandising kanpainatik jasotako ekarpenaren txekea entregatuko diete antolatzaileek Hotz Oñatiko ordezkariei.